Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Txapelketaren jarraipen berezia Hitzetik Hortzeran eta Bertsoa.com-en

2013/09/26
Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria irailaren 30ean hasiko da eta Txapelketa Nagusiak irauten duen bitartean, saio monografikoak eskainiko ditu igandero eta astelehenero. Bertsoa.com webguneak ere arreta berezia eskainiko dio Bertsolari Txapelketa Nagusiari eta bideo, eduki zein kolaboratzaile ugari izango ditu.

Txapelketarekin batera hasi da Hitzetik Hortzeraren denboraldi berria ere. Saioetan gertatzen dena ahalik eta azkarren eta hobekien kontatzeko, Bertsolari Txapelketa Nagusiak irauten duen bitartean igandeetan arratsaldeko 15:00etan eta astelehenetan 21:15ean ikusi ahal izango da saio beteranoa ETB1en. Finalaurrekoetan, berriz, zuzenean edo diferituan ere ikusi ahal izango dira programak. Behin Txapelketa bukatutakoan, ohiko formatura itzuliko da saioa

Bertsoa.com berritua

Bertsoa.com-en ere tarte zabala izango du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Librean kooperatiba txikiak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean egiten duten atarian atal berezia izango du Txapelketak.

Ohi bezala,  Bertsoa.com-ek saioak zuzenean eskainiko ditu eta, behin horiek bukatutakoan, berehala sareratuko ditu bertsoaldi onenak.

Horrez gain, ahalegin berezia egingo du eta parte-hartzaileei egindako elkarrizketak, eta kulturgintzako eta adituen asteroko gogoetak ere tartekatuko ditu. Felix Irazustabarrena arduratuko da saioetako kronikak egiteaz, eta saioaren ostean analisia bost adituk emango dute haien iritzia: Imanol Lazkano, Xan Alkhat, Saioa Alkaiza, Izar Mendiguren eta Joseba Santxo.

Bertsozale.com eta Bertsoa.com webguneek eskainiko duten informazioa elkarren osagarria izango da. Bertsozale.com webgunean Txapelketaren inguruko informazio osoa eta eguneratua eskaintzeaz gain, hainbat ikerlariren hausnarketak ere argitaratuko dira hurrengo asteotan. Lehenengoa Arkaitz Goikoetxeak txapelketen gaineko gogoeta izango da.

Jarraipen zabala egigo dio Txapelketari Bertsoa.com atariak