Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aitor Sarriegi nagusitu da Oiartzungo hirugarren finalaurrekoan

2013/11/16
Aitor Sarriegik irabazi du Oiartzunen jokatu den finalaurrekoa. Donostian kantatuko du bigarren itzulian. Haren atzetik Alaia Martin, Agin Laburu, Jon Maia, Odei Barroso eta Beñat Lizaso sailkatu dira. Murgian jokatuko da bihar lehen itzuliko azken finalaurrekoa.

Aitor Sarriegik irabazi du Oiartzunen jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa. Puntuazioa honela gelditu da:

Aitor Sarriegi 688
Alaia Martin 667
Agin Laburu 650
Jon Maia 623
Odei Barroso 620,5
Beñat Lizaso 592,5


Gaur lortu duen lehen postuari esker, besaindarra zuzenean sailkatu da finalaurrekoetako bigarren itzulirako. Azaroaren 24 Donostiako finalaurrekoan kantatuko du.

1.500 bertsozalek bete dute Oiartzungo Elorsoro kiroldegia. Bertsozale Elkarteak eskerrak adierazi die Oiartzungo udalari eta Oiartzungo bertso eskolari saioa antolatzeko eman duten laguntzagatik.

Saio amaieran hainbat bertsozaleri ura erori zaie kiroldegiko sabaitik eta Bertsozale Elkarteak barkamena eskatu nahi die jasan duten kalteagatik.

Bihar lehenengo itzuliko azken finalaurrekoa jokatuko da Murgian. Horren ostean jakingo da zeintzuk diren bigarren itzulirako sailkatuko diren bertsolariak, lehen itzuliko finalaurrekoetako irabazleak eta gainerako hamalau puntuazio onenak.