Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Litekeenetik baiezkora (finalaren aitzakian)

2014/01/03
Joxerra Garzia. Komunikazio zientzietan Doktore.


Finala amaitu berri, artean BEC erraldoitik irten ere gabe, jende gehienak garbi dauka “oso final ona” izan dela. Egia da bakarren batzuk, lehengo egunak gogoan, garai bateko bertsokeraren aipamenak eginez hurbiltzen zaizkidala, baina gutxiengo nabarmena dira, zorionez, horrelakoak.

Handik bi egunera, asteartean, Beñat Zamalloak elkarrizketa bana egin zigun, aurrena Amets Arzallusi eta gero niri. Une hartan ez nuen hala interpretatu, baina gero, etxera joandakoan, kritika usaina hartu nion nire elkarrizketaren amaiera aldera egin zidan galderari. Ez dut galdera hitzez hitz gogoratzen, baina, gutxi-asko, ea finalean ezer onik ez ote nuen ikusi galdetu zidan Zamalloak.

Ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen zaidana, baina, zer nahi duzue ba?, bertsolaritza barru-barrutik bizi eta maite duen audientzia baten aurrean txorakeria (edo narzisismo) hutsa irudituko litzaidake gora gu ta gutarrak esaka jardutea, eta iruditzen zait arrakastaren gailur bikainean ikusten (edo sumatzen) ditudan arriskuak aipatzea dela bertsolaritzari (eta akaso bertsogintzari) egin diezaiokedan ekarpenik onena (eta agian bakarra). Batetik, kritika baita hobetzeko modu bakarra; bestetik, arrakastaren aparrean surfean ibiltzeko hamaika lagun baitago beti prest bazterretan.

Besterik litzateke, noski, Vocentoko, Cope, Prisa edo euskara (kasurik onenean) museoko piezatzat darabilten hedabideren batentzat egin beharko banu finalaren kritika. Orduan garbi daukat apar eta bits jardungo nuela, gaur egungo bertsolaritzan ikusten ditudan (eta kezkatzen nauten) sintomen aipamenik txikiena ere egin gabe. Eta ez litzaidake burutik pasatu ere egingo gezurretan edo zurikerian ariko nintzenik. Nik dakidala, mezua audientziari egokitzea da komunikazioaren lehen araua.

Barkatuko didazu, balizko irakurle, horrelako sarrera petral errea, baina barruak eskatzen zidan hasieratik argi eta garbi uztea zertara natorren. Bertsolaritzak azken urteotan egin duen bidea miresgarria iruditzen zait, eta halaber iruditzen zait gaur egungo bertsolari puntakoenen bertsogintza (finaleko zortzi bertsolariena barne) duela gutxi amestu ezinezko gailurretara iritsi dela. Esana dago, eta eskertuko nuke hemendik aurrerako nire esanak kritikatzeko garaian kontuan hartzea hori.

Baina, hori esanik, utzidazue kezkatzen nauten kontuak hartzea hizpide eta hari mutur. Teoria oso eta erabatekorik osatzeko ez asmo ez gogo ez gaitasunik daukat nik. Txapelketako finala ardatz, bertsolaritzari hainbat ikuspuntutik begiratzen eta bakoitzean neurea esaten saiatuko naiz. Batzuetan, niretzat egia nabarmenak diren kontuak aipatuko ditut (baina nire egiak inori irenstarazteko batere asmorik gabe), beste batzuetan, berriz, niretzat ere eztabaidagarri diren kontuak jarriko ditut paper gainean (edo pantaila aurrean), eztabaidagarri direnak halako batean eztabaidatzeko aukera izango dugun esperantza ziur asko antzuan.

Eta hasi, “kalitate” kontzeptutik hasiko naiz.


1.      Kalitatearen adarrak

Zer da bertso, bertsoaldi edo bertso saio “on” bat? Teknikoki (neurriz eta errimaz) perfektua den bertsoari esaten badiogu bertso ona, arazorik ez. Maila tekniko altuko bertsoak izan ziren finaleko gehienak, nahiz oker eta akats txikiren bat edo beste ere izan zen (miraria litzateke horrelakorik ez izatea ia sei orduko jardun inprobisatuan). Baina, ustez behintzat, adostua genuen bat-bateko bertsoen helburu nagusia ez dela testu bikainak sortzea, audientziarengan eragitea baizik.

Alde horretatik, esango nuke, lagun bati lapurreta eginez, aurtengo finalean jokotik asko eta jolasetik gutxi, akaso gutxiegi, egon zela. Bertsoaldiari ekin aurreko denbora batzuetan nabarmen luzeegia izan liteke horren erakusgarri bat; beste bat, finalaren hasierako parafernalia. Parafernalia horretan sartuko nuke, esaterako, lanean aritutakoen zerrenda amaigabea. Bertsolarien goizeko agurrei dagokienez, ezin ukatu sekulako bertsoak izan zirela, bikainak benetan. Bikainegiak ere bai, aukeran (ulertzekoa da bertso on batekin ekin nahi izatea halako saio bati, baina...). Zenbaiten kasuan, nabarmenegia iruditu zitzaidan etxeko lanaren kutsua, eta, nolanahi ere, agurren txandak luzeegi jo zuela esango nuke. Hamaika eta erdiak ondo pasatxo ziren saio puntuagarria hasterako.

 

2.      Zein da txapelketan audientzia?

Txapelketako bertsogintza genero berezitzat hartu behar genuke.  Horretan (ere) bat nator Xabi Payarekin (ikus web gune honetan bertan). Bertsoa komunikazio generoa dela onartzen badugu (eta, teorian bertan, onartua dugu hori), orduan dena audientzaren arabera juzkatu behar genuke. Baina kontua da txapelketan audientzia bat baino gehiago dituela bertsolariak aukeran. Nagusiki, honako biok: a) entzuleria, eta b) epaileak. Esango nuke bertsolari batzuk saiatu zirela batez ere entzuleriarentzat kantatzen, eta beste batzuek epailea gogoan kantatu zutela sarri.

Nagusiki entzuleriarentzat kantatuta ere, kontuan hartu behar da bertsolarien audientzia izugarri aldatu dela azken hamarraldietan. Lehen, bertsoa beste kultur produkturik kontsumitzen ez zuen entzuleak ziren gehienak; orain, entzule gehienak daude bestelako produktuak (zinema, internet, prentsa, irratia, telebista...) kontsumitzen ohituak. Horren ondorioz, gaur egun bertso teknikoki perfektuak ez dira aski audientzia osatzeko, bertsotan txukun egitea baino gehiago eskatzen zaio bertsolariari. Kantukideen bertsoekin ez ezik, bideo-klipekin ere lehiatzeko moduko bertsoak eskatzen ditu jendeak.

Horrek, batzuetan, literaturaren muga-mugaraino (eta are mugaz bestalderaino) eramaten du bertsolaria.


3.      Gai, gaiondo eta beste

Gaiak itxiegiak zirela, horixe zen bertsolaritzaren booma esaten zaion garai hartan (1990aren bueltan) maiz kritikatzen zena. Egoera bat ematen zitzaien bertsolariei, xehetasun guztiak barne, eta haren barruan eta hari erantzunez egin behar zuten bertsotan. Aurten, berriz, nabarmena izan da beste muturrerako joera. Goizeko kartzelako gaian, esaterako, “egoerak beste aldean jarri zaitu” zen gaia. Hor, bistan da, ez zaio bertsolariari egoera zehatzik ematen, berak osatu (edo asmatu) behar du egoera, mundua.

Gai zehatzegietatik ihes egitearren, ez dakit ez ote garen apurka-apurka 60ko hamarraldiko gaietara hurbiltzen ari. Orduan, topiko eta arketipoen inguruan osatzen ziren gaiak: “testigu faltsu bati”, esaterako, bakar bat baino ez aipatzearren. Oraingo joera ez da hori, baina horretarako arriskua ekar lezake.

Gaien erreferentzia alorrei dagokienez, nabarmena izan da aurreko txapelketatik aurtengorako aldea. Egoera politikoa arras aldatu da, eta gatazkaren presentzia bestetan baino txikiagoa izan da (sariak banatzeko garaian ere, sari emale on eta gaiztoen arteko bereizketa ez zen hain nabarmena izan). Gatazkaren erreferentzia apaldurik, ugaldu egin dira erreferentzia tragiko-sakonak. Bereziki nabarmena izan zen hori zortziko handian (elikagai bankua, alkoholiko anonimoak, desagertutako laguna, prostitutak...) eta hamarreko txikiko saioetan (tratu txarrak, seme-alaba hilak, eskaleak, psikiatrikoa...). Gaiak asmatzeko garaian ere, alde handia dago bi audientzietan zein hartzen den gogoan.


4.      Tematu ezinda

Zortziko handiko ofizioetan, egoera azaltzen zitzaien gaiaren bidez, baina bakoitzak horren aurrean hartu beharreko jarrera, ikuspuntu edo papera markatu gabe. Horrenbestez, Xabi Payak azaldu duen bezala, tema izaera kentzen zaie ofizioko bertsoaldiei. Batzuetan, temako saioa baino areago zirudien txirikordatutako bi bakarkako saio.

Horrek, nire ustez, arrisku nabarmena ekar lezake: libre utzita, inor gutxik hartuko du gaizto papera, eta jarduna, lehenaz gainera, politikoki politaren aldera lerra liteke, onkeriaren bidetik. Elikagai bankuaren inguruko bertsoaldian, esaterako, areago zirudien bi filosofo ari zirela solasean, bi bolondres baino. Bertso onak izan zirela? Jakina, baina esan dut askotara definitu daitekeela bertsoen kalitatea.


5.      Bertsoak bota behar / dira erdi bana...

Puntua jarrita hiruna bertso kantatzeko ariketan, bi doinu erabili zituen gai jartzaileak, txandan-txandan, eta biak iruditu zitzaizkidan paretsukoak. Alegia, biak nahieran aise mantsotu eta azkartzeko modukoak zirela. Aurreko saio batzuetan, aldiz, doinu gehiago erabili zituzten, eta ez denak berdin moldagarri. Zaindu beharreko kontua iruditzen zait hori.

Bertsolari bakoitzari jartzen zaizkion hiru puntuak erreferentzia bat beraren ingurukoak izatea ez dut uste oso egokia denik. Badakit horrek lagundu egiten diola bertsolariari zentratzen, baina iruditzen zait gai batetik bestera alde handia dagoela. Ametsen puntuak, esaterako, Mandela zuten erreferentzia; Sustrairenak, aldiz, errugbia. Batean zein bestean bertso teknikoki bikainak eginda ere, zaila da jendearengan emozioa eragitea errugbiaren inguruko kontuekin.

Oro har esango nuke saioaren diseinuan joko izaera gailentzen zaiola jolasarenari (kartzelako lana, esaterako, nekez esan daiteke entzuleriari begira asmatua dela). Bada, ordea, ariketa bat hain justu kontrako bidetik doana: puntukako saioa. Epaile lana zaila eta gogorra da berez, baina bertsoa biren artean osatu behar denean ia ezinezoa da ganorazko ebaluazioa egitea. Bestalde, bertsolari batek egun ona eta bestea txarra dutenean, bertsoaldiak, jeneralean, txarrera egiten du. Hori esanik, aitortu behar dut oso bertsoaldi ederrak osatu zituztela ariketa horretan, jendearen gozamenerako.


6.      Kantuz kontuz

Bestetan baino berritasun gutxiago izan da aurten doinuetan, edo hala iruditu zait niri behintzat. Komunikazioaren aldetik, esango nuke oro har doinu egokiak aukeratu zituztela bertsolariek (esan nahi zena esateko eta sortu nahi zen giroa sortzeko aproposak, alegia, salbuespen gutxi batzuk salbu).

Izan ere, doinu baten egokitasuna irizpide horren arabera juzkatu behar litzateke beti, eta ez polit / itsusi ardatzean. Aldian aldiko bertsoaldian zer lortu nahi den, dela delako hori lortzen lagundu dezakeen doinua da egokia. Alde horretatik, badira doinu nabarmen narratiboak, beste batzuk egokiagoak dira dialektikarako, eta irudi eta sentipenen colage modukoak osatzeko ezin hobeak dira beste batzuk (habanera, esaterako).

Entzulearen aldetik, estimatzen dira moldearen egitura aise antzematen uzten duten doinuak. Alde horretatik, ez dakit Igorrek Antton Valverderen Hegaztientzat pausarri oinarritzat hartuta moldatu duena oso eroso egiten zaion entzuleari (niretzat ezin ederragoa da kantua, baina hori beste kontu bat da).

Aitor Mendiluzek saio osoan zehar egin zuen akats bakarretakoa, nire ustez, goizeko kartzelako lanean aukeratu zuen doinua aukeratzea izan zen. Andoni Egañak moldarazitako doinua da (Joan Baez-en Donna Donna kantua oinarri), eta bertso bakoitzean hiru atal ditu, musikalki ere bereiziak. Aurrena, metafora bidez sentipen bat aurreratzeko da; bigarrena, zertzelada labur ia zinematografikoak azaltzeko, eta azkena, berriz, ideia modu diskurtsiboan botatzeko, arrazoibiderako. Badu egitura horrek kopla zaharren antzik, eta Egañak sarri erabili zuen, maisuki erabili ere.

Aitor Mendiluzek, aldiz, arrazoibide jarraian osatu zituen bere hiru bertsoak (“egoerak beste aldean jarri zaitu” gaiarekin). Ez dira batere bertso txarrak, baina ematen du hitzen garapena eta doinuarena zein bere bidetik doazela (horrez gain, aukeratu zuen egoera esparru pertsonalekoa zen, audientziarentzat ilun samarra).

Bide batez esanda: esango nuke kutsu diskurtsibo nabarmena izan zutela bertsoaldi gehienek, eta horrelako beste saio batzuetan baino zertzelada poetiko gutxiago entzun genuela. Hori, ordea, azterketa pausatuago baten beharra duen irudipen hutsa baino ez da oraingoz.


7.      Errima errimehe

2001eko txapelketari dagokion liburuan aipatu nuen lehen aldiz kontraesana: kantatua izateak alderdi askotatik idatziaren antzeko bihurtzen du bertsoa. Horrek, besteak beste, jerga eta lagun arteko erregistroak zailtzen (eta trakesten) ditu. Izan ere, hizketan intonazioari esker kopontzen ditugu arazo asko, baina doinuak berdindu, ezabatu egiten du intonazioa. Horregatik erabili behar lirateke kontuz eta tentuz –ño, tira, eta gisako pieza solte zernahirakoak, hizketan intonazioak ematen dien indarra doinuak zapuzten baitu kantuan.

Uste dut beste batzuetan baino gutxiago erabili direla aurten horrelakoak, eta beharbada horregatik egin zait deigarria arraio parearena: Maialenek “penatu arraio” kantatu zuen, eta Sustraik “putakume arraio”. Gainera, gainerako errimen artean soraio agertzen bada, orduan arazo bat daukagu (nik behintzat bai) erregistroarekin.

Noiz edo noiz, errima joko estuegia aukeratu eta esan nahi zuena moldean sartu ezinda ibili zen bertsolariren bat edo beste, baina hori sakonago aztertu beharreko kontua da, eta bego oraingoz horretan.

Duela hamabi urteko hartan bertan aipatzen nuen azentua azken aurreko silaban duten errimetan ezinbestekoa dela azken aurreko silaba horren bokala errima guztietan bera izatea. Habanera aipatu nuen orduan, eta beste hainbeste gertatzen Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantutik moldatutako doinuarekin. Hasi eta bizi hoskideak dira doinuak azentua azken silaban baldin badarama. Baina aipatutako doinu horietan (eta beste batzuetan) hási eta bízi kantatzen baita, ez dago gutxieneko hoskidetasunik, ez behintzat belarriz juzkatzen baditugu bertsoak (begiz juzkatuta akaso bai).

Zuzen zein oker, kontu potolo samarra iruditzen zait, eta tristea, oso, inork aintzat ez hartzea, kontra egiteko bada ere. Ea oraingo honetan pizten den eztabaida.


8.      Bertsogintza, bertsolaritza, herrigintza

Finaleko bertsogintzaren inguruko hainbat ikuspegi azalzea nuen helburu. Ez nuke amaitu nahi, ordea, esan gabe txapelketa nagusia (eta bereziki finala) aise gainditzen duela bertsogintzaren esparrua.

Helburu eta funtzio bat baino gehiago ditu txapelketa nagusiak. Helburu ekonomikoa aise bete ohi du, eta espero dut aurtengoak ere halaxe egingo duela. Bertsolari gazte askoren erausleiho ere bada, jakina. Bertsogintzari dagokionez, ildo, estrategia eta proposamen berriak plazaratzeko une eta gune egokia izan liteke txapelketa, baina ez dakit azken urteotan berritze lan hori ez ote den gehiago bestela saioetan egiten, urtean zehar han-hemenka egiten diren era guztietako mila eta gehiago saiootan. Hala balitz, ez litzateke berri txarra izango.

Baina txapelketaren funtzio nagusia, nire ustez, bertsogintzaren inguruan sortu den mogimendua, bertsolaritza, sendotzea dela, eta alde horretatik bizipen ezinago ederra da finala. Sekulako aukera eskaintzen digu lau urtez behin bertsogintzak, herri bat garela eta, batez ere, herri bat izan nahi dugula aldarrikatzeko, euskaratik eta euskaraz.

Hori da noski garrantzitsuena, eta nik bizipen hori partekatzen eta herrigintzan diharduen audientziari esan nahi izan dizkiot, belarri ertzera, zein diren, edertasun bikain horren barruan, nire ustez hobetzeko modukoak iruditzen zaizkidanak. Eztabaida lagun, litekeenetik baiezkora bidean, berez eder dena ederrago izan dadin.

 

Joxerra Garzia