Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Etxahun Lekuerentzat izan da Oiongo azken kanporaketa eta Tolosako finalaurrekorako txartela lortu du

2013/10/26
Etxahun Lekue nagusitu da Oionen jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken kanporaketan. Haren atzetik Miren Amuriza, Iratxe Ibarra, Eneritz Zabaleta, Maddi Sarasua eta Manex Agirre sailkatu dira.

Etxahun Lekuek irabazi du Oiongo kanporaketa eta hurrengo faserako zuzeneko txartela eskuratu. Honako puntuazioa lortu dute bertsolariek:

Etxahun Lekue 638
Miren Amuriza 628,5
Iratxe Ibarra 627,5
Eneritz Zabaleta 595,5
Maddi Sarasua 579
Manex Agirre 578

Oionen lehen postua lortuta, Lekue zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den bigarren finalaurrekoan kantatuko du.

740 bertsozale elkartu dira Arroyo I pilotalekuan. Antolatzaileek bereziki eskertu nahi izan dute Oiongo udalak eta herriko Txandrio bertso eskolak saioa antolatzeko eman duten laguntza. Oionen Txapelketa Nagusiko saioa antolatzea Bertsozale Elkarteak oso konszienteki hartu duen erabakia izan da. Patxi Aizpuru Arabako Bertsozale Elkarteko idazkariak gogora ekarri duen moduan, "Txapelketako herriak ez dira gogoeta gabe aukeratzen. Inguru bertsozale euskaldunak, ez hain bertsozaleak, euskarak indar gutxiago duen herriak… denetik bilduko ditu txapelketak. Zazpi herrialdeetan, Euskal Herri osoan ari dira lanean Bertsozale Elkartea eta beste eragile asko elkarlanean eta txapelketa nagusia baliatu nahi da dinamika indartzeko. Azken hiru-lau urteetan Txandrioko bertso eskolak jarritako oinarriari bultzadatxoa ematea zen asmoa eta ederki bete da".

Azken kanporaketa izan da Oiongoa eta horrenbestez finalaurrekoetan ze bertsolarik kantatuko duten erabakita gelditu da, baita finalaurrekoen osaketa ere.

Finalaurreko guztietarako zein finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Etxahun Lekuek lortu zuen lehen postua.