Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Hitz egin dezagun aniztasunaren trataeraz: hari muturrak

2013/09/26
Arkaitz Goikoetxea. Itzultzailea

Hemen da Txapelketa, letra larriz. Ardura handiz prestatu ohi den ekitaldia da, Bertsozale Elkartean inon baino gehiago. Ardura horren adierazgarri jotzen dut nik, orain lau urte bezala aurten ere, kazetarientzat prestakuntza saio bat antolatu izana. Karlos Aizpurua Etxarte, Maite Asensio Lozano eta hirurok aritu gara gidari, bakoitza bere aiekatik: generoaren gaia landu du Maitek, bertsoaldien testu-azterketa egiteko gakoak eman ditu Karlosek, eta, ur handi samarretan sartuta, aniztasunaren trataeraz jardun dut nik. Parte-hartzaileen artean, hainbat komunikabidetako ordezkariak: Berria, Deia eta Gara egunkariak, Bizkaia Irratia, Euskadi Irratia, Info7 eta Radio Vitoria irratiak, eta Bertsoa.com Interneteko ataria.

 

Zer islatzen dute komunikabideek? Zer ez? Zer isla dezakete eta zer neurritan? Galdera horiek izan dira abiapuntua. Jakina, badira ñabardurak komunikabide batetik bestera eta genero batetik bestera, eta teknologia berriei esker, gainera, inoiz baino hibridoagoak eta dinamikoagoak izan daitezke komunikabideak. Ez dago guztientzat balio duen formularik, baina gogoetak balio lezake.

 

43 bertsolari. Horiek parte hartuko dute aurtengo Txapelketa Nagusian. Herrialde bakoitzetik gutxi batzuek baino ez, baina 43 asko da. 43 norbanako, estilo, ikuspegi, proposamen... “Bi bertsolari berdin ikusteko natxiok oraindik”, esaten du Imanol Lazkanok. Alegia, bertsolariak alderdi batean edo batzuetan elkarrengandik hurbil egon daitezkeen arren, bertsoen bidez iristen zaigun horretan aniztasuna da ezaugarri behinenetakoa.

 

Zer da aniztasuna? Ugaritasuna bada aniztasunaren adierazle, baina ugaritasunak ez du agortzen aniztasuna. Alderdi kuantitatiboa baino interesgarriagoa da kualitatiboa. Hor sakondu behar da. Askotariko egiten dituen horri erreparatu behar zaio.

 

Multzo bat. Bertsolariak, hala ere, kolektibo edo multzo gisa sailkatzen dira askotan. Bertsolaritza ere jardun kolektiboa da, taldekoa, eta alderdi hori asko azpimarratu izan dute bertsolariek eurek ere. Gaur egungo bertsogintzak duen ezaugarririk baliotsuenetakoa da, nire ustez, kolektibitate edo taldetasun horren gaineko gogoeta eta aldarri etengabea. Ikusi ere, multzo gisa ikusten ditugu oholtzan, jardunean. Multzotasun horrek, ordea, estali edo difuminatu egin dezake aniztasuna edo aniztasun horren alderdi kualitatiboari erreparatzeko joera.

 

Txapelketaren logikak ere ez du laguntzen. Txapelketak forma bukatu eta erabakia ematen dio bertso-saioari: sailkapena. Ez dago logika hori zertan ukatu. Sailkapen bat behar du, baina hortik aurrera, bestelako logika edo ikuspegi batzuekin hornitu behar da informazioa. Sailkapena interpretazio bat da, ez bakarra. Erabatekoa bai, bertsolariak hurrenkera batean sailkatuta uzten dituelako, baina alderdi kuantitatiboak aniztasunaren ikuspegia agortzen ez duen bezala, sailkapenak ere ez ditu agortzen bertso-saioaren interpretazioak.

 

Eta txapelketaren egiturak? Ez da, agian, alderdirik garrantzitsuena, baina horrek ere bertsolariak berdintzera daramala esango nuke. Txapelketa uniformizatzailea da, ereduetan bai (ikus Oier Araolazak nola landu zuen gai hori 2011ko Bertsolamintza jardunaldietan. Bertsolari aldizkariak dakartza txosten guztiak, eta Araolazarena ere bai), eta ariketetan ere bai. Guztiek ariketa berberak egin behar dituzte, elkarren segidan. Neurri berean kantatu behar izaten dute, kartzelako lanean izan ezik. Baliteke proposamena ez izatea bideragarria, baina merezi al luke, kartzelako lanean egiten den bezala, beste atalen batean ere bertsolarien esku uztea zenbait erabaki? Adibidez, neurriari dagozkionak, bertso kopuruari, bertso-kideari... (batzuk besteak baino egingarriagoak dira). Kontua ez da gauzak aldatzeagatik aldatzea. Txapelketaren gurpil berdintzailea pasatzen den lekuan norberak utzitako arrastoak ikusarazteko bitartekoak jartzea baizik.

 

Hor kokatzen dut aniztasunaren trataera. Aniztasuna baliotzat hartu, eta talaia horretatik egindako ekarpenekin hornitu behar litzateke txapelketako bertso-saio bati komunikabideek ematen dioten begiratua. Komunikabide bakoitzak bere eredua bilatu eta aurkitu behar du. Hemen ere, helburua baino garrantzitsuagoa izango da prozesua.

 

Zeri esaten diot aniztasunaren trataera? Hezkuntzan erabiltzen den definizioa moldatuz, honelako zerbait litzateke bertsogintzan dagoen aniztasunari erantzun egokia emateko planteamendua: bertsolari bakoitza ezberdina da besteetatik, eta, beste guztiek bezala, funtzio bat betetzen du bertso-saioan. Taldeko bat izateagatik bakarrik, funtzio bat du aniztasuna gauzatzeko garaian, banakoz banako osatzen baita aniztasuna. Bertsolari guztiak, beraz, ezberdinak dira, bakoitzak bere ezaugarri jakinak dituen neurrian, baina badute berdintzen dituen ezaugarri bat ere: guztiek betetzen dute funtzio bat bertso-saioan eta haietako bakoitzaren tasun bereziek ematen diote itxura aniztasunari.

 

Estatikoa eta asimetrikoa da sailkapena, baina aniztasuna ezaugarri dinamikoa eta simetrikoa da. Elkarren arteko harremanean gorpuzten da, berdintasunezko harremanean, eta hortik aurrera, norbera den bezalakoa izango da, den bezalakoa agertuko da, den bezala sortuko du. Aniztasunaren trataerak, beraz, berdintasuna izan behar du abiapuntu, eta ezberdintasunerako eskubidea aitortuz gauzatu behar da.

 

Ordenak eta mailak. Sailkapenak ordenatu eta mailakatu egiten ditu bertsolariak. Ordenatu egiten du aniztasuna –eta interpretaziorik okerrenetan, mailakatua ere agertzen da: zenbat eta gorago agertu, orduan eta hobetzat, egokiagotzat jotzen da–, eta desagerrarazi egin dezake berdintasuna: sailkapena hartzen bada abiapuntu (bakartzat) bertso-saio batean gertatu direnak islatzeko, ez zaio tratu bera emango bertsolari bakoitzak izan duen funtzioari, egin duen ekarriari, eskaini dituen tasun berezi eta bakanei. Hankamotz geratzen da aniztasunaren trataera. Hankamotz eta itsu. Bertsolari batzuk eta haien jarduna ez dira inondik agertzen.

 

Begiratzen eta ikusten ikasi. Ez dago funtziorik betetzen ez duen bertsolaririk, ez dago aniztasunaren parte ez den bertsolaririk. Begiratzen eta ikusten ikastea da kontua. Pausoak emanez egitea bidea, eta bidea eginez ikastea. Bertsolari bakoitzak bere ekarria egiten du, bere kolorea ematen dio ekitaldiari, eta beti besteekiko harremanean.

 

Azkena, gaitik kanpo. Txapelketaren ondorio baztergarri bat: eskatzeko jarrera. Ez naiz ari komunikabideez, jendeaz baizik, txapelketa hurbil samarretik jarraitzen dugunoz. Bestelako testuinguru batzuetan bertsoarekin gozatzen dugunok, lehiaren testuinguruak kutsatuta edo, jarrera bitxia hartzen dugu: eskatzeko jarrera. Eta batzuetan, ez oso modu egokian eskatzekoa. Gozatzera goazen entzuleak izatetik, eskatzera goazen entzuleak izatera pasatzen gara, eskatzetik juzgatzera eta... juzgatzetik gutxiestera dagoen jauzia ere egin egiten dugu zenbaitetan. Gogoeta egin behar genuke txapelketak zer-nolako jarrerak pizten dituen gugan.

 

Arkaitz Goikoetxea