Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunak egun osoko festa bihurtuko du Markina-Xemeingo saioa

2013/10/01
Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa Markina-Xemeinen egingo da. Saio hutsa baino zerbait gehiago, egun osoko festa izango da, egun horretan ere Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko hirugarren edizioa ospatuko baita Markina-Xemeinen.

Markina-Xemeingo bertso-eskola aritu da buru-belarri lanean, beren herrian ospatuko den Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunean egun osoko egitaraua eskaintzeko bertaratzen direnei.

Esketxak, Andrabanda Feminista, Bi bala, erromeria

13:30ean elkartuko dira bertso eskolak, Uhagonen.

14:00ean bazkaria izango da gaztetxean, eta ostean Mungiako bertso eskolaren emanaldia.

17:30ean Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa saioa ikustera. Bertsolariak: Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita.

Saio ostean poteoa, Andrabanda Feminista eta herriko bertso eskolakoen esketxekin.

23:00ean gaztetxean hasiko da gaueko festa: Bi bala (Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagaren emanaldia) eta Fan & Go taldearekin erromeria.

Bazkaritarako eta lotarako aukera

Bazkaritarako sarrerak salgai daude 10€tan: www.bertsosarrerak.eu. Asteazkena baino lehen hartu behar dira sarrerak.

Lotarako aukera ere jarriko da, dohainik, erromesen aterpetxean. Horretarako leku eskaria aurrez egin behar da: bertsoeskolak@gmail.com.

128 bertso eskolentzat festa

Euskal Herriko 128 herritan daude bertso eskolak, eta 1.700 kide inguru elkartzen dira horietan. Bertso eskolei buruzko informazioa eskuragarri dago: www.bertso-eskolak.com

Harremanak egin eta festa ederra egiteko aitzakia da Bertso Eskolen Eguna. Urtero bertso eskola batek hartzen du bere herrian egun hori antolatzeko ardura, egunean zeharreko ekitaldiak, bazkaria eta lotarako lekuak prestatuz. Urtez urte indartzen ari den ekimena da.

Halaber, nabarmentzekoa da Txapelketa Nagusiko saioak antolatzerakoan inguruko bertso eskolak ematen ari diren laguntza, borondatezko lanean.