Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

BEC: Performance emozionala

2013/12/18
Pio Perez. EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea.

 

Joserra Garziak zioen artikulu batean (2008) bertsoa zela euskaldunek erabili izan dugun komunikabiderik nagusiena lurrean gaudenez geroztik. Horrela esanda, baten batek pentsa dezake ahoberokeria zela, baina idazketa-irakurketa prozesua (gaur egun ulertzen dugun bezala: unibertsala eta demokratikoa) duela gutxikoa da. Hau da, gutxiengo alfabetatuak erdarara jotzen zuen bitartean (Eizagirre 2007) herri xeheak (gehiengoak) erabiltzen zituen ahozkotasunak eskaintzen zizkien baliabideak. Beraz, pentsa daiteke bertsolaritza erkidego eta euskal kulturaren erreferente esanguratsua izan dela, uste baino sakonagoa. Gaur egungo bertsolaritzak ezinbesteko lotura du perfomanceekin eta jendaurreko ikuskizunarekin; beraz, berekin dakar jendaurreko interpretazioa.

 

Azken finean, Jexux Larrañagari hartutako kontzeptualizazioa (2013) erabiliz txapelketa euskal kulturaren Agora bilakatu da. Agoran erritualizatzen da performancea. Ekintza performatiboa, kasu honetan bertsolaritza, diskurtso-praktika da, zeren hizkuntza-ekintza bilakatzen baita. Bizkaia Arenan bizitako espektakulua esperientzia partekatua da, jendaurrean interpretatu eta aurkezten dena eta horrek ondorio batzuk sortzen ditu. Hau da, perfomance horrek hainbat errealitate sortzen ditu, hitza haragitu eta lurraldean txertatzen du hizkuntza (Del Valle 2013).

 

Ezin ukatu, Txapelketa Nagusiak baduela beste edozein bertso-saiok ez duena: erritua da. Izan ere, errepikatzen den interpretazioa da (Butler 1993). Halaber, Txapelketa elkargunea da , euskaldun guztien unea, euskal espazioa eta euskal denbora. Nabarmentzekoak dira, gainera, Txapelketa Nagusiak berarekin batera daraman indar oroiterazlea edo emozio beroak sortzeko duen gaitasuna edo gogorazteko edota esangura sinbolikoa sortzeko. Izan ere, Euskal Agorak hitzaren eraginkortasun traumaturgikoan sinesten du; hau da, hitzek, ozenki esandako hitzek, munduaren gainean, edo geure buruaren gainean, eragiten dute.

Aipatu bezala, 2013ko BECekoak errealitate berriak sortu ditu. Elizondoko lehenengo lore-jokoetan “euskaldunen gauzarik maiteena” gaia jarri zuten eta harrez geroztik sortutako mugimendu eta olatu apologetikoak bezala, oraingoan beste olatu eta haizeak jaioko dira. Euskal kultur komunitateak 2013ko Txapelketaren bidez ez ditu bakarrik sinesmen, balio eta sostenguak indartu. BEC-eko zortzi bertsolariek ez dute bakarrik kantatu euskaldunen begi aurrean gertatukoa, ez dute bakarrik kantatu entzuleen belarriak gozatuko zituztenak. Barakaldoko aretoan zalantzak, kritikak, beldurra eta enpatiak inoiz baino garbiago agertu dira oraingoan. Badirudi Euskal gizartea aldatzen ari dela eta, prozesu horretan, bertsolaritzak urrats bat aurrera egin duela.

 

Horrenbestez, Txapelketa hizkuntza-ekintza bilakatu da, esperientzia partekatua. Zortzi finalistek jarritako gaiak jendaurrean interpretatu eta aurkeztu dute eta honek ondorio batzuk sortu ditu. 2013ko Txapelketa Nagusia perfomance da, baina perfomance emozionala (Belli 2010) deituko nioke. Bertsolaritza kulturaren molde adierazkorra da, mundu emozionalaren bitartez bizipenak sortzen dituena (Hernandez 2011). Nola azaldu bestela publikoaren begietan ikusi ziren loreak, edo entzuleen bizkar-muinetatik arinka igotzen ziren hotzikarak, edo entzuleen bihotz urratuak edota denon irribarreak amaieran? Nola azal daiteke bestela saioa bukatu ondoren, harmailetako eskailerak jaisten ari nintzela, ezezagun bati entzun niona. Hark errepikatu zuen Iturriaga goizeko agurrean bota zuena, saioko emozio osoa laburbildu nahian: hauxe bai hiltzeko egun ederra!

 

Bibliografia

 

BELLI, S. (2010) “La perfomance emocional de la ubicuidad” in Comunicación y Hombre, Revista Interdisciplinar de Ciencias de la Educación y Humanidades, 7.

BUTLER, J. (2004). Lenguaje, poder e identidad, Madrid: Síntesis.

DEL VALLE, T (2013) Hitzaren eta hizkuntzaren gaitasuna lekuak sortzeko 1. 2013ko abenduaren 16a hartua http://www.bertsozale.com/eu/bertsolari-txapelketa-nagusia-2013/albisteak/ tik

EIZAGIRRE, Ana (2007) Ahozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza

GARZIA, J. R. (2008) “Baina bihotzak dio…” in Bertsolari 70 (24-59)

HERNANDEZ, J. M. (2011) “Palabras que emocionan” FAEE Estatu Espainoleko Antropologia Elkarteen XII. Kongresuan aurkeztutako komunikazioa, argitaratu gabea. Egileak emana.

LARRAÑAGA, J. (2013) Jolas Sakona: Txapelketaren prozesu errituala eta bertsolarien arrazoi sortzailea XXI mendeko agoran, Bilbo: EHU . http://www.ehu.es/argitalpenak/images/stories/tesis/Humanidades/8748LarraagaEU.pdf