Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Altsasun jokatuko da igandean Txapelketa Nagusiko laugarren saioa

2013/10/10
Asteburu betea dator Bertsolari Txapelketa Nagusian. Hendaiako larunbateko kanporaketaren ostean, igandean hurrengoa jokatuko da, Altsasun. Saioa herriko Burunda pilotalekuan izango da, 17:30ean hasita. Sarrera guztiak salduta daude, hortaz ez da lehiatila irekiko.

Ohi bezala, sei dira Altsasun oholtzara igoko diren bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira. Araba eta Nafarroako egungo txapeldunak dira, hurrenez hurren, Perea eta Silveira.

Sei bertsolariek jakin badakite zer den Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzea. Horietatik beteranoena Jexux Mari Irazu da, bost aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta bitan finalista izan. Unai Agirrek eta Xabier Silveirak launa aldiz kantatu dute Txapelketan, hiru Oihane Pereak eta bina aldiz Beñat Gaztelumendik eta Erika Lagomak. Iker Iriarte izango da saioko aurkezlea.

Egin beharko duten lana honakoa da:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

825 bertsozaleentzako aforoa dago Burunda pilotalekuan eta guztiz beteko da. Saiorako sarrera guztiak salduta daude jada, asteazken gauen saldu ziren azkenak. Hortaz, ez da lehiatila irekiko igandean. Saioa hasi baino ordubete lehenago, 16:30ean, zabalduko dituzte pilotalekuko ateak.

Altsasuko Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketa da. Bezperan, Hendaian jokatuko da hirugarrena Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto bertsolariekin.

Igandeko saioan irabazten duena azaroaren 17an Murgian jokatuko den finalaurrekorako sailkatuko da zuzenean. Horretarako, oraingoz, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina daude sailkatua. Gainerakoek, Oiongo saio arte itxoin beharko dute puntuazioaren arabera sailkatuko ote diren jakiteko.