Historia

Bertso egunaren ibilbidea

1968. urtean hasi zen antolatzen gaur BERTSO EGUNA izenetik ezagutzen dugun ekitaldi hau: Donostiako San Sebastian jai egitarauaren barruan bertso ekitaldi berezi bat antolatzea erabaki zuen KTE erakundeak, eta orduko txapelduna, Manuel Olaizola “Uztapide” omendu zen. Arrakastatsua izan zenez, antolatzen jarraitzea erabaki zuen KTE-k. BERTSOLARI EGUNA izena zuen orduan, eta garaiko hainbat bertsolariren OMENALDI eguna izan da urte askotan. Jarraian doakizue urtez urte omendu direnen zerrenda.

  •  Manuel Uztapide (1968)
  • Fernando Aire “Xalbador” (1969)
  • Manuel Lasarte (1971)
  • Mattin Treku (1972)
  • Iñaki Eizmendi “Baserri” (1973)
  • Balentin Enbeita (1974)
  • Pedro Ortuzar “Iturri” (1975)
  • Joxe Miel Iztueta “Lazkao Txiki” (1976)
  • Joxe Lizaso (1977)
  • Joxe Joakin Mitxelena (1978)
  • Joxe Agirre “Oranda” (1979)
  • Paulo Zubiarrain “Paulo Txikia”, Antonio Mari Eizmendi  “Loidisaletxe” (1981)
  • Jon Mugartegi (1982)
  • Manuel Sein “Xanpun” (1983)
  • Txomin Garmendia (1984)
  • Jesus Alberdi “Egileor” (1985)
  • Patxi Etxeberria (1986)
  • Jon Azpillaga (1987)

Bertsozale Elkarteak, sorrera-sorreratik (1987), bere gain hartu zuen Bertsolari Egunaren egitarauaren ardura, Donostiako KTE erakundearen lankidetza eta babesarekin beti ere, eta lehengo bidea jorratzen jarraitu zen:

  • Bautista eta Xalbador Madariaga (1988)
  • Jose Luis Lekuona “Lexoti” (1989)
  • Jose Alberdi eta Basilio Pujana (1990)
  • Patxi Iraola eta Florentino Goiburu (1991)

 1991n omenduen alorra zabaltzea erabaki zen bertsolaritzaren alde lanean aritu zirenetara.

 Emile Larre, Mariano Izeta eta Teodoro Hernandorena (1992): antolatzaileak.

 Alfontso Irigoien antolatzailea eta Santi Onaindia (1993): eragilea eta ikerlaria hurrenez hurren.

 Jexux Lete “Ibaiertz”, Inozentzio Olea, Joxe Aierbe, Manuel Matxain, Luis Rezola “Tximela”, Jose Manuel Arriola, Xalbador Zapirain “Ataño” eta Sebastian Salaberri (1994): gerra osteko bertso-jartzaileak.

 1995ean BERTSOLARI EGUNAren norabidea aldatzea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak. Hala, omenaldien aroari amaiera eman eta Bertsolari Egunari ateak itxi, eta BERTSO EGUNAri ireki zitzaizkion. Gizartearen ohitura eta bizi-molde aldaketek, hala nola bertsolaritzarenak berarenak, eguneratze bat eskatzen zuen helburuetan zein egin-moldeetan. Igande eguarte-arratsaldeko gertakizuna izatetik, larunbat arrats-gaukoa izatera igaro zen, eta helburu berriak jarri ziren: garaiko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea… Horrela, saiakerak egin dira bat-bateko sorkuntza eta eszenan jartzeko molde landuen arteko orekaren bila. Hamaika ekitaldi ezagutu ditugu orduz gero:

 1995          Udarregiren mendeurrena: Andoni Egaña eta Zazpi Eskaleen disko aurkeztu berriek, ikus-entzunezko osagarriak eta bat-bateko saioak izan zuten protagonismoa.

 1996          Alpujarretako Troberoak, Balear uharteetako glosadoreak eta Kubako decimista izan ziren gure artean. Bat-bateko bertsogintzak izan zuen bere lekua.

 1997          Katea ez da eten lemapean hiru belaunaldietako bertsolariek osatutako taldeen bat-bateko saioak osatu zuten.

 1998          Pedro Mari Otaño Ameriketara azken aldiz joan zenaren 100. urtemuga ospatuz antolatu zen Euskadi Irratiarekin elkarlanean.

 1999          Mende bi tarte izan zuen lema, eta bat-bateko saio berezia izan zuen oinarri. Saio amaieran dantza eta bertsoen arteko uztarketa entseatu zen.

 2000          Bertso Eguna 455. Jalgi adi plazara zuen lema Etxeparerena gogoan. Bat-bateko saioa oinarri, bertsolaritzaren historia islatzen zuen diaporama eta bertsolariaren “trantze”aren antzezpena jaso zituen.

 2001          Bertso Egunak… Bere Bidean Bertso Tramaren proposamena ekarri zuen: gidoilari batek eratu eta proposatutako gidoi jarraituan bertsolarien bat-bateko sormena.

 2002          Eneko Olasagastiren gidaritzapean, eszenografian egin zen ahalegina, baliabide desberdinak erabiliz gaiak emanez bertsolariei. Bat-bateko goi mailako bertsogintza eta eszenaratzea uztartzea izan zen jomuga.

 2003          Gai-jartzaileek aurreko urtean zehar egindako lanaren isla izan nahi zuen, egungo bertsogintzan duten eragina eta beren sortzaile izaeraren aldarrikapenaren irudi. Bertsolarien sormena eta gai-jartzaileen eragina izango ziren nagusi.

2004          Bertsogintzarentzat protagonismo osoa berreskuratzeaz gain, bersolarien kokapena eta espazioaren banaketa izan ziren bereizgarri nagusi. Bertsolarien posizioa eta oholtzaren banaketa bereziak bertsoan edo bertso-aldian izan dezakeen eragina azaleratu nahi izan zen.

2005     Bertso Hutsik. Bertsoa biluzik, zer ezkutaturik gabe bere neurriaren bila.

Horretarako, zer hobe bertsolariak, oholtza gainean, bakarrik egotea baino? Historiari erreparatuz gero, argi dago ez dela formula berria bertsolariak bikoteka gai librean aritzea. Baina berdina al da gai librean herriko plazan ala Kursaal bezalako areto batean jardutea? Eta nolako bilakaera du bertsoaldiak bikotea hirukote bihurtuz gero? Bertsoaren egoerarik puruena ezagutu genuen joan zen urtean.

2006          Lehengo Lepotik da leloa. Txapelketa Nagusia 2005-en arrakastaren zurrunbiloan murgilduta, nondik gatozen gogorarazi nahi izan da, protagonismoa emanez bertsolari belaunaldi zaharrenei. Bertsolariak ez ezik, zer aldatu da bertsolaritzan? Bertsoa bizirik dago. Bertsolariak eta inguruak egiten dute bertsoa. Eta zertan aldatu da ingurua azken 40 urteetan? Nola ibiltzen ziren orduan? Ze gaiei kantatzen zitzaien eta nola jartzen ziren gaiok? 60. hamarkadara jauzi egin eta orduko bertso-giroa bizitu nahi izan da Kursaalen.

2007          Aho Zabalik Bat-bateko sorkuntza eta komunikazioa da bertsolaritza. Salbuespenak salbuespen, bertsolaria bere soilean kokatu ohi da ikus-entzulearen aurrean, eta hitza ez beste bitartekorik gabe liluratu ohi du: magia, oreka, emozioa, umorea, ironia… ikus-entzuleekin komunikazioa lortu eta konplizitate giroa sortzea da helburua. Bertsolariek, Txan magoaren kolaborazioarekin eta Ander Lipus aktore bikainaren gidaritzapean giro magikoa lortu zuten. Kursaalek eskaintzen dituen baliabideak baliatu ziren emaitzarik oparoena atera nahian.

2008          Bertso-Bertsioa. Sorkuntza globalean eta bertsogintzan eztabaidagai diren kontzeptuak aireratzea zuen helburu 2008ko Bertso Egunak. Bertsoa/bertsioa, orijinala/kopia, autentikoa/imitazioa, erreproduziblea/irreproduziblea, autoretza/jabetza konpartitua (copyright/copyleft), plagioa, aipuak… Eskenaratzean egin zen ahalegina, bertsolari zein gai-jartzaileak itzaletan mantenduz mikro aurrera joan arte. Nortasunik ere ez zuten izan protagonistek, zenbakiz edo kolorez (barra-kode bat bailitzan) izan ziren deituak.

2009          Joan-etorrian. Bertsolarien artean, gai-jartzailea eta bertsolariaren artean, baita bertsolariak eta publikoaren artean ere.   Bertsoa komunikazioa den heinean, publikoa agente aktiboa da bertso-ekitaldian. Gaia edo bertsoa entzun osteko erreakzioak –isiltasuna, txaloa, keinua, algara- eragina du bertsolarian eta saioan eta sormen prozesua baldintzatzen du. Hori erakusteko publikoa izan zen abiapuntu, Kursaaleko ekitaldiko gaiak jartzea eskatu zitzaion publikoari.

2010          Jorge Oteiza eskulturgile eta pentsalariaren inguruan ardaztu zuen ekitaldia Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Euskal kulturari egin zizkion ekarpenak balekoak izan direla sinistuta eta bertsolaritzari aitortu zion begiruneak bultzatuta.  Bere ideiak eta ateraldiak oholtza gainean frogak egiteko baliatu ziren:  Oteizaren esaerak, izaera, esaldiak… gurera ekarri, moldatu eta probatu.

 2011          Kamaleoiek hartu zuten Kursaala Bertso Egunaren edizio ganberroenean. Bertsotan ari diren leku fisikora, entzulearengana eta gaiaren eskakizunetara moldatzeko erabiltzen dituzten baliabideak bistaratu zituen eskenatokian aurkeztu ziren pilotalekuak, gaztetxeak, elkarte gastronomikoan prestatutako otorduak eta alde zaharreko Rekalde tabernatik zuzenean egindako saioak.

2012          Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hogeita bost urteurrena ospatu zen. Elkarren segidan katean jarritako domino pieza erraldoiek markatu zuten saioaren estetika. Kantuan, zazpi probintziatako hogeita bost bertsolari, mende laurden lehenago Bertsolari Egunean omendua izan zen Jon Azpillaga bertsolariak abestu zituen agurreko bertsoak.

 2013         Gizakiak bizitzan zehar aurre egin beharreko krisiak izan zituen ardatz Kursaaleko ekitaldiak. Jakina baita, zalantza egoeran areagotzen direla sormena, irudimena eta lanerako griña. Irudi gisa erabili zen sokak erakusten digu tentsio momentua: “Soka etetera doa, honezkero eten ez bada. Hari bakarrean izanik bi aukera ditugu: soka tenkatu edo korapilo berriak asmatu. Dena ziztuan aldatzen da eta pentsatu gabe erabakitzen dugu. Estuasuna ez da sormenaren akuilurik txarrena, ordea.”

2014         “Azalera”. Bertsolaritzaren historiako zein gaurko emakumeak oholtzaren erdian jartzea eta generoa gai nagusi bihurtzea bilatu zuen Bertso Eguna izan zen. Emankizunaren antolaketan 37 emakumek hartu zuten parte (prozesua bera jabetze eskola bihurtuz), eta Kursaaleko oholtzan lehen aldiz bertsolarietan 8 emakume eta 4 gizonezko ikusi genituen bertsotan. Antzerkiak, oihal dantzak, musikak eta kantuak atondu zuten emanaldia, emakumeen presentziaz bete zena.