Bertso Eguna 2014

“Azalera” lelopean, generoa izango da aurtengo Bertso Egunaren sakoneko gaia eta 55 bertsolarik eta beste 9 kultur sortzailek zein taldek hartuko dute parte goizetik gauera egingo diren hiru ekitaldi nagusietan.

KartelaBERTSO EGUNAK berrogeita bosgarren edizioa izango du datorren larunbatean. 1968tik urtero-urtero Donostian egin izan da, 1970 eta 1980 urteetan izan ezik, urte hauetan ez zen Bertso Eguna ospatu. Bertsolari Eguna zen lehen urteetan eta bertsolariak omentzen ziren. 1995 urteaz geroztik norabidea eta helburua aldatzea erabaki zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak: urtero mimoz prestatutako saiakera egiten da Kursaaleko oholtzan. Larunbatean izango da bertsozaleon urteko festa eta egun osoko ekitaldia prestatu dugu elkarlanean Donostiako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, EITBren laguntzarekin.

Generoa izango da aurtengo Bertso Egunaren gai

Larunbatean Donostian egingo den Bertso Eguna 2014ko egitaraua aurkeztu dute gaur. “Azalera” lelopean, generoa izango da aurtengo Bertso Egunaren sakoneko gaia eta 55 bertsolarik eta beste 9 kultur sortzailek zein taldek hartuko dute parte goizetik gauera egingo diren hiru ekitaldi nagusietan.

Nerea Txapartegi, Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara ordezkaria; Laura Gomez, Gipuzkoako Aldundiko Berdintasun saileko zuzendaria eta Nerea Elustondo eta Ixiar Eizagirre, Bertsozale Elkarteko Genero taldeko kideak izan dira gaurko aurkezpenean Bertso Eguna 2014ko xehetasunen berri eman dituztenak.

Nerea Elustondok nabarmendu duenez, “Bertso Egunak generoa gai nagusitzat hartzea azken urteotan bertsolaritzako emakumeon artean egin den bidearen seinale izan daiteke, orain dela hainbat urte pentsaezina baitzen gai horren inguruan Bertso Eguna egitea”.

Larunbateko Bertso Eguna “ederra” izango dela gaineratu du, eta prestaketa lanek ekarri dutena azpimarratu nahi izan du. “Bileratan 37 emakume elkartu gara eta bidea izan da ziur aski ederrena. Belaunaldi ezberdinetako emakumeok elkartzeko aitzakia, ikuspegiak trukatzeko gunea, elkarri entzuteko aukera, zer bilatzen dugun nork geure buruari galdetzekoa”.

Azken urteotan bezala, Bertso Egunak formatu ezberdinetako saioak eskainiko ditu egun osoan zehar Donostian. Egunari hasiera emateko, goizeko 12:00etan bertso-poteoa abiatuko da Alde Zaharreko kaleetan barna.

Arratsaldeko 18:00etan jaialdi nagusia egingo da Kursaalen. Bertan 12 bertsolarik kantatuko dute: Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga.

Iraia Eliasek aurkeztuko du jaialdia, eta berau izan da arratsaldeko emanaldiaren zuzendari artistikoa.  Saioan zehar beste hainbat artistak ere hartuko dute parte: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Monterok saxoaz, Allarte oihal eta dantza taldeak, eta Maddi Oihenart abeslariak.

“Jaialdiak umorea izango du oinarri eta aniztasuna bistaratzearekin batera, inklusiboa izatea nahi dugu. Erantzunak baino, galderak sortu ditzala publikoarengan eta bertsolariengan; generoari buruzko gogoetatzeko gaiak utz ditzala gugan”, azaldu du Elustondok.

Egunari amaiera emateko 700 lagunentzako afaria eta afalosteko “saio ganberroa” izango dira. 22 lagunek hartuko dute parte afalosteko saioan eta amaitzeko Laket taldearekin erromeria izango da. Aurten lehen aldiz afaria Manteo kiroldegian egingo da.

Sarrerei dagokionez, Kursaalean 1.800 ikuslerentzat jarriko da lekua eta azken 350 sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu web gunean. Afaritarako ere, 700 lagunentzat egokituko da Manteo kiroldegia, eta horietatik 200 sarrera eskuragarri daude aipatutako atarian. Sarrerak lehendik agortzen ez badira, larunbatean bertan leihatilan jarriko dira 16:00etatik aurrera. Kursaal aretoan sartzeko ateak 17:00 irekiko dira, saioa baino ordubete lehenago.

Bertso Egunera hurbiltzerik ez duten bertsozaleek telebistaz ikusteko aukera izango dute. ETB1-ek arratsaldeko saioa osorik eskainiko du larunbatean bertan, gaueko 22:00etan.

BERTSO EGUNEKO PARTAIDEAK, BERTSO MUNDUTIK

Bertso poteoan, bertsolariak:

1.-Iratxe Ibarra
2.-Amaia Agirre
3.-Erika Lagoma
4.-Miren Artetxe
5.-Ane Labaka
6.-Amaia Iturriotz
7.-Maddi Sarasua
8.-Ane Zuazubiskar
9.-Izar Mendiguren
10.-Itxaso Paia

Arratsaldeko saioan, bertsolariak:

1.-Maialen Lujanbio
2.-Amets Arzallus
3.-Nerea Elustondo
4.-Uxue Alberdi
5.-Rosi Lazkano
6.-Igor Elortza
7.-Onintza Enbeita
8.-Maddi Ane Txoperena
9.-Beñat Gaztelumendi
10.-Ainhoa Agirreazaldegi
11.-Saioa Alkaiza
12.-Iñaki Gurrutxaga

 Afalosteko emanaldi bereziak: esketxak, bertso sorta musikatuak

1.-Miren Artetxe
2.-Estitxu Eizagirre
3.-Idoia Etxeberria
4.-Onintza Garcia
5-Malen Amenabar
6.-Nerea Ibarzabal
7.-Hodei Unzueta
8.-Leire Amenabar
9.-Aitor Bizkarra
10.-Joritz Bastarrika
11.-Arrate Gaztelu
12.-Oihana Makazaga
13.-Uxue Larrukert
14.-Aitor Servier
15.-Asier Galarza
16.-Maialen Akizu
17.-Eli Pagola
18.-Kattalin Barcena
19.-"Lorratzak" taldea (laukotea)

 BESTE ALORRETAKO GONBIDATUAK

 Bertso poteoan
Ondarruko eta Donostiako Andrabanda batuka taldeak

 Arratsaldeko saioan
*Saioaren zuzendari artistikoa eta aurkezlea: Iraia Elias

1. Miren Gaztañaga (aktorea)
2. Ainhoa Alberdi (aktorea)
3. Judith Montero (saxoa)
4. Allarte oihal eta dantza taldea
5. Maddi Oihenart (abeslaria)

Afalostean: Laket musika taldeak joko du

 

PREZIOAK

Sarrerak salgai:           www.bertsosarrerak.eu

Argibideak:                 943 694129

 

 

 

Bertso Eguna 2014 Afaria, janaria etxetik

 

Arrunta: 7 €
Gaztea: 5 €
Bazkidea: 5 €

 

 

Bertso Eguna 2014 Ekitaldia

 

Arrunta: 18 €
Gaztea: 8 €
Bazkidea: 13 €

 

 

Bertso Eguna 2014 Ekitaldia + Afaria

 

Arrunta: 40 €
Gaztea: 28 €
Bazkidea: 33 €