Gazteen Topaketak

Urtero, asteburu pasa antolatzen du Arabako Elkarteak herri batean.

gazteen topaketakArabako Bertsolaritza gaztetzat jo dezakegu zalantza barik. Ez soilik jarduera honen inguruan ditugun datu garbienak azken 30 urtetan kokatzen direlako, baizik eta Arabako bertsolaritzaren egungo panorama gazte jendeak osatua dagoelako hein handi batean.

Arrazoi historiko eta soziolinguistiko zehatzak dituen egoera koiuntural honek, esperientzia berriak abiatzea ahalbidetu du, bertsolari gazteek bultzatuta eta hauei zuzenduriko egitasmoak sortuz. Honen adibide garbiena, Arabako Bertsolari Gazteen Topaketak dira, lehendabiziko aldiz 1998an ospatu eta urtez urte sendotuz joan den ekimena.

Urtero, asteburu pasa antolatzen du Elkarteak Arabako herri batean. Begi bistakoa izanik gero eta arabar gazte gehiagok erabakitzen duela bertsolaritzara hurbiltzea, nabarmena da ere topaketa hauetan urtez urte izaten ari den parte hartzaile kopuruaren igoera, hala nola, bi egunetako eskola ezberdin honetan antolatzen diren ariketa, saio eta ekimenen aniztasuna.

Urte hauetan  euskara eta euskal kulturgintzarekiko atxikimendua handitzea lortu da, bertsozaletasuna zabaldu da gazteen artean, eta ahozkotasuna eta euskarazko sorkuntza bultzatu da.

arabako gazteen topaketak