Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Trebiñun aurkeztu da Arabako Bertso Kuadrilla artekoa

2016/01/16
14 talde parte hartzaileen ordezkariek, komunikabideen aurrean, aurtengo edizioaren ezaugarriak azaldu dituzte. Berrituta dator: topaketa-erronka formatua.

2016ko ARABAKO BERTSO KUADRILLA ARTEKOA

Larunbat goizean aurkeztu da, Trebiñun, 2016ko Arabako Bertso-kuadrilla artekoa. Iaz banakakoa jokatu ondoren, bi urteko zikloa jarraitzera dator taldekako egitasmo hau.

2010eko Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoa mugarri bat izan zen Arabako bertsolaritzarentzat. Ordutik hona, bi urtean behin taldekako ekimenak antolatu dira bertan. Aurten laugarrenez ospatuko da Arabako Bertso-Kuadrilla Artekoa eta orain arteko bidean sakontzea izango du xede, Arabako bertsolaritza mugimendua saretu eta indartzeko.

Bertso-eskolak eta Arabako Bertsozale Elkartearen arteko antolakuntza konpartitua, taldeen arteko topaketa, izaera kolektiboan eta bertsolaritza herrikoian oinarrituta, urtarrilaren 23tik martxoaren 12ra bitarte luzatuko da aurtengo edizioa. Bat-batekoan 14 eta idatzizkoan 10 talde ariko dira aurtengoan, 150 lagun inguru alegia. Laugarrenez, Arabako bertsolaritza astintzea du helburu Kuadrilla Artekoak.
2016-01-16 trebiñu Arabako Bertso Kuadrilla artekoa AURKEZPENA 2

14 talde ariko dira

Bat-batean 14 talde ariko dira aurtengoan. Kuadrilla Artekoaren izaera herrikoia bultzatzeko asmoz, bertsotan egitea eta sortzea izango da helburua. Herritik abiatutako bertsozaletasuna sustatuko da eta herriko bertsolariak baloratu, bertsolaritza mugimenduaren izaera kolektibotik abiatuta. Alegia, talde bakoitzean bertsolariez gain bertsozale, gai-jartzaile eta bertsolaritzan ezinbesteko diren hainbat kidek hartuko dute parte: grabatzaileak, sukaldariak, trikitilariak… Bertsolarien eta bertso-eskolen arteko harremana sendotzea da asmoa, eta baita belaunaldi ezberdinak harremanetan jartzea ere.

Urtarrilaren 23tik martxoaren 12ra

Aurtengo Kuadrilla Artekoak 6 topaketa egongo dira, topaketa bakoitzean 3-5 talde elkartuko dira eta topaketa antolatzen duen taldea edo taldeek erronkak botako diete beste taldeei, ondorengoak:
 - Urtarrilak 23, larunbata, Izarra, 12:00etan Bertsotloia, 14:30ean bazkaria, 16:30ean Bertso-erronkak
 - Urtarrilak 30, larunbata, Laudio, 12:00etan Bertso-poteoa, 14:30ean bazkaria, 16:30ean Kopla lehiaketa
- Otsailak 13, larunbata, Araia eta Zalduondo, 12:00etan Txalaparta-kopla-poteoa Araian, 14:30ean bazkaria Zalduondon, 16:30ean Bertso-bolo
 - Otsailak 20, larunbata, Kanpezu, 12:00etan Bertso-poteoa, 14:30ean bazkaria, 16:30ean Bertso-herri kirolak
 - Otsailak 27, larunbata, Gasteiz (Errekaleor), 12:00etan Bertso-sortak, 14:30ean bazkaria, 16:30ean Bertso-guda
 - Martxoak 5, larunbata, Oion, 12:00etan Triki bertso-poteoa, 14:30ean bazkaria, 16:30ean Bertso-saio musikatua

-Azkeneko topaketan, Argantzunen, martxoaren 12an, talde guztiak elkartuko dira eta erronka ezberdinetan parte hartuko dute. Egun osoko egitarauan, eguerdian tabernetan eta kalean poteo formatuetan, bazkal ostean oholtza gainean. Bukatzeko elektro txaranga eta bertso-ragga. Autobusa eta bertan lo egiteko aukera egongo da.

Informazio guztia eta jarraipena http://www.bertsozale.eus/araba webgunean duzue.

bideo spot