Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabako Kuadrilla artekoan Gorbeiapeko bertso-festa

2016/01/24
Arabako Gorbeialdeko topaketa, igurtzia, elkar ezagutu, jolasak eta jokoak, bertsotan gozatu eta ondo pasatu. Larunbatean, Izarran abiatu da Arabako Bertso-Kuadrilla artekoa.

Izarra, Arabako Bertso-Kuadrilla artekoaGorbeialdeko bost taldek hartu dute parte Arabako Bertso Kuadrillartekoaren lehenengo saioan. Bertsoa, bertsoa eta bertsoa: besterik ez da entzun Izarran, larunbatez, goiz eta arratsalde.

Zer den auzolana. “Bertsolalahariak latxak” taldeak (Izarra) txokoa jartzen du, eta “Elexpuru eta lau” taldeak sukalde-lanak egiten ditu. Gorbeialdeko punta batetik besterako harreman estua sumatu da goizeko lehen orduetatik hasita, Izarran. Horixe baita aurtengo kuadrillartekoaren helburu nagusietako bat: taldea egitea, bertsoa modu kolektiboan bizitzeko aukerak zabaltzea. Asmo horrek paella eta okela gisatu usaina hartu du goizean goizetik.

Behin oinarrizko azpiegitura prestatua, ahotsak berotzen hasi dira. Tabernaz taberna, atletarik onenen neurriko lanak egin behar izan dituzte bertsolariek: 100 metro bertsotan, oztopo-lasterketa, maratoia… Kirol-formatua aitzakia ederra izan da taldeen arteko erronka-giroa erakusteko. Legutioko Bostibaietak, Aramaixoko “Elexpuru ta lau”k eta “Ez jatzu gustauko”k, Zuiako “Lau oinetan poto”k eta Urkabustaizko “Bertsolahariak txahalak” taldeek, ariketaz ariketa, ederto girotu dituzte barruak eta kanpoak.

Izarran Murgiako taldea Arabako Bertso Kuadrilla artekoaBazkarirako deiak bazkaria ekarri du, eta bertso-festak atseden hartu du tarte batez. Hala ere, ez da luzerako izan: bazkalosteko patxada ederrean, talde bakoitzak bertso-erronka bat proposatu die gainontzeko taldeei. Denetik egon da: errima-matxakea, bertso-marrazkia, pertsonai izkutua, artopotoa eta bertso-arrautza. Denek izan dute bertsoa eta jolasa ardatz, eta barre-algara galantak entzun behar izan dituzte Behekoiturri elkartearen inguruan bizi diren urkabustaiztarrek.

Eguzkia sartzearekin batera bukatu da Gorbeialdeko topaketa, Zelaietaren kontzertuarekin. Bakoitza bere herrira eta etxera joan da, bertso-zapore gozoa ezin kenduta. Eta airean zurrumurru bat: “hau berriz egin behar dugu”, “Honek jarraitu egin behar du”… Ea egia den.

Topaketaren informazio guztia hemen: http://www.bertsozale.eus/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa-2016/saioak/urtarrilak-23-izarra

Izarran, Gorbeialdeko topaketa, Arabako Bertso-Kuadrill artekoa

bideo spot