Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Araba

Bertso eskolen sarea

Bertsolaritzan eta euskalgintzan Arabako bertso-eskolen sareak duen balioa agerian utzi nahi dugu 2017ko txapelketaren bitartez.
2017an 35 urte beteko dira Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini zirela. Gasteizen eta Aiaraldean izan ziren aitzindariak. Aiaraldeko bertso-eskolak Laudioko Areta Tunel tabernan eman zituen bere lehenengo urratsak, 1982an.  
Bi arrazoi horiengatik, txapelketako aurkezpena Aretako Tunel tabernan egingo dugu eta txapelketako irudia sare bat da.
Sarea, kontzeptu arraro hori. Arrainak, jendea, baloiak, gauzak harrapatzeko erabili dugu betidanik, eta funtzio horri lotuta iritsi da gureganaino. Gaur egun, ordea, beste zentzu bat hartu du. Sarearen bidez lotzen dugu gure burua beste batzuekin, eta sare-egitura duten erakunde eta egitasmoak dira, gaur egun, interesgarrienak. Zer dira, adibidez, Arabako bertso-eskolak, kantuan dibertitu nahi duten horien sare eder bat baino? Horixe baita sarea: harremanak, loturak.
Baina, zergatik ez, tradizioak ekarri digun esanahiari berriro heltzeak ez du zertan kalterik egin.
Ihes egiteko gogorik ez duenari, ez zaio harrapatuta egotea axola… Gozo-gozo, zortzi hankadun armiarma errimatu baten altzoan, sareari nahita lotuta egoten gara bertsolari, bertsozale, gai-jartzaile, epaile eta antolatzaileok.
Eta egunez egun, etenik gabe, bertso-eskolek josten diharduten sareari, harrapatuta gauzkan sare horri, zuloak estutzen zaizkio txapelketa datorrenean. Loturak indartsuagoak dira bi hilabetez. Batzuetan estutu, beste batzuetan lasaitu, beti eutsi. Horrelaxe hartzen dugu arnasa, elkarri lotuta.
Gaur egun, Arabako bertso-eskolen sarea ia herrialde osotik zabaltzen da. 6 eskualdetan bertso-eskolak daude, 10 herritan, 26 talde eta adin guztietako 160 parte hartzaile. Sare hau da Arabako bertsogintza eta bertsolaritzaren motorra eta etengabe elikatuko du etorkizuna. Era berean, Araban euskararen normalizazioan positiboki eragiten dute; euskaraz soilik funtzionatzen duten guneak eta uneak dira bertso-eskolak.