Araba

Araba Bertsozale egitasmoa martxan dago

2014/11/04
Bertsolaritza hain ezaguna ez den tokietara hurbiltzeko 14 bertso-saio eta 20 hitzaldi burutuko dira 2014 urtea bukatu aurretik.

Arabako Bertsozale Elkartearen helburu orokorra Araba bertsozaletzea da. Hainbat egitasmo proposatzen ditu helburu hau lortzeko baina 2008tik ahalegin berezia egiten du bertsolaritza ezezaguna den tokietara eta pertsonengana hurbiltzeko; bertso-saio, elkarrizketa eragileekin eta bertso-tailerren bitartez.araba bertsozale logoa

Araba Bertsozale egitasmoa hiru errealitate hauetan oinarritzen da:

• Bertsolaritza kultur adierazpide bizi, parte-hartzaile, moldagarri eta gazteentzako gero eta erakargarriagoa da. Bertsolaritzaren sustapenak, hau da, bertso-saioak antolatzeak herri kultura elikatu eta pizten lagundu dezakeela uste dugu. Beste kultur eredu bat bultzatzen duelako, kontsumoko kultura indibidualaren aurrean, kultura kolektiboa, sortzaile eta hartzailearen arteko hartu-eman estua, zuzenekoa eta berezia.

• Araba euskaldun berria da. Arabako bertso mundua ere hein handi batean. Entzule potentzial berriak gero eta ugariagoak dira, baina bertsolaritzari buruz ezer gutxi dakite, eta euskararen transmisio naturalak beste leku askotan bermatzen duen oinarrizko ezagutza eta ulermen maila erraztu behar zaie euskararen ikaskuntza formala bideratzen ari direnei. Bertsolaritzak euskaraz funtzionatzen duen mundu batean integratzeko baliagarria da. Bertso-saio bat bilgune delarik, euskararen erabileran positiboki eragitea, euskararen presentzia soziala, kantitatea eta kalitatea bultzatuz jai giroan eta kultur programazio orokorrean.

• Araban bertso-saioak antolatzeko ohitura falta da. Arabako Bertsozale Elkarteak akuilu lana egiten jarraitu behar du, bertsolaritza, euskara bezala, ezezaguna baita oraindik Arabako txoko askotan. Bertsolaritza zer den, nolakoa den, ze aukerak dituen eta ze errealitate bizi duen eragile ezberdinei ezagutzera ematea garrantzitsua iruditzen zaigu.

Ondorengo hiru ekintza hauetan kontzentratzen da Araba Bertsozale egitasmoa:

- Bertso-saio gutxi egiten diren eskualdetan edo herrietan bertsozaletzeko saioak egitea. 14 bertso-saio programatuta daude gabonak aurretik. Hala nola Langraiz, Argantzon, Zalduondon, Amurrio, Murgia, Korres…

- Arabako kultura, euskara eta jaietako eragile ezberdinengana bertsolaritzaren aukerak azaltzea. Arabako zortzi eskualdeko eragileekin harremanak mantentzen dira.

- Bertso-eskolarik ez dagoen eskualdetan edo herrietan bertsozaletzeko bertso-tailerrak, hitzaldiak… proposatzea. 2014an 20 hitzaldi emango ditu Ruben Sanchezek euskaltegiko taldeekin. [AUDIOA] 'Zer arraio da #bertsolaritza?', Ruben Sanchezekin bertsolaritzaz elkarrizketa, Radio Vitoria-ko 'Errota' irratsaioan http://www.eitb.tv/es/radio/radio-vitoria/arabako-errota/2493906/2697928/zer-arraio-da-bertsolaritzar/

Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak Araba Bertsozale egitasmoa finantzatzen dute eta Arabako Bertsozale Elkarteak gauzatzen du, Arabako bertso-eskolen parte hartzearekin.

2014 araba bertsozale hitzaldiak ruben sanchez