Txapelketa Nagusia Araban

2013/09/18
Bi saio jokatuko dira Araban.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa irailaren 29an hasiko da eta abenduaren 15ean amaitu. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarren txapelketa da honakoa.

14 saiok osatuko dute 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Araban bi saio jokatuko dira, kanporaketa bat Oionen eta finalaurreko bat Murgian.

43 bertsolari izango ditu aurtengo edizioak, Arabako ordezkariak bi izango dira, hauexek: Oihane Perea eta Manex Agirre. Horiekin batera, 14 lagunek osatzen dute gai-jartzaile taldean, Idoia Beitia  aramaioarra arituko da eta 16 izango dira epaile lanetan arituko direnak haien artean Ekaitz Elorriaga, Aitor Jimenez eta Mikel Fernandez da Arroiabe izango dira Arabako ordezkariak.

Lau urtetik behin jokatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusiak oihartzun zabala izaten du. Hala ere, hori bezain inportantea da zurrunbilo horren azpian dagoena zer den begibistatik ez galtzea.

Azken finean, bertsoa da bertsolaritzaren oinarria, hori da Txapelketaren sekretua. Egunez egun bertsoa herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola ibiltzen da Euskal Herriko bazter guztietan. Mugimendu zabala eta dinamikoa da bertsolaritzarena, jende asko dago lan horretan inplikatuta. Eta Txapelketa Nagusia etengabeko jarduera horren isla da.

Babesleak

Babesle nagusiez  gain Txapelketako saioak hartzen dituzten udalek ezinbesteko laguntza eman dute herri bakoitzeko saioa antolatzen, Araban Oiongo Udala eta Zuiako Udala. Babesle pribatuen artean UDAPA kooperatiba.

Txapelketa interneten

Elkarren osagarriak diren bi webgune ditu aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak.

www.bertsozale.com: 2012ko amaieran berritu zen Bertsozale Elkartearen webgunea eta bertan Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia du. Txapelketari dagokion informazio osoa izando da bertan: parte-hartzaileei buruzko datuak, sailkapenak, albisteak, saioetako laburpenak…

www.bertsoa.com: Bertsolaritzaren interneteko telebista da, Bertsozale Elkarteak eta Librean kooperatibak elkarlanean egiten duten ataria.

Txapelketa Nagusiak bere gunea izango du www.bertsoa.com-en barruan: saio guztietan bildutako hainbat bertsoaldi, zuzeneko emanaldiak, partehartzaileei egindako elkarrizketak, eta kulturgintzako eta adituen asteroko gogoetak eta iritzi artikuluak.

Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusia sare sozialen bitartez ere segitzen ahalko da, facebook eta twitteren. Azken honetan #btn13 traola erabiliko dugu Txapelketaren berri emateko.

‘Hitzetik Hortzera’, igandero eta astelehenero

EITB-k eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean egiten dugun telebistako saio beteranoak ahalegin berezia egingo du Txapelketan gertatutako guztiaren berri emateko. Abendu bitartean, Txapelketari eskainitako saio monografikoak izango dira. Igandero arratsaldeko 15:00etan eta astelehenetan 23:15ean, asteburuan gertatu denari jarraipen zabala eskainiko dio Hitzetik Hortzerak.

 

Ikerlarien ekarpenak

Bertsolaritza Ikertzen ari den ikerlari talde zabal batek Txapelketa Nagusira bideratutako gogoetak burutuko ditu, Txapelketaren inguruko lan espezifikoak dira www.bertsozale.com web gunean argitaratzen joango direnak. 14 dira ikerlariak eta horien artean unibertsitateko irakasleak, antropologoak, kazetariak eta musikariak daude, besteak beste. Txapelketan zehar emango ditugu argibide gehiago.

Horrez gain, atzerriko inprobisatzaileen eta ikerlarien bisita espero dugu txapelketaren amaiera aldera. Zehaztu bezain pronto emango ditugu honi buruzko xehetasunak.

Euskalduntzearekin elkarlana

Euskaltegietako ikasleak Txapelketako saioak ikustera animatu asmoz Txapelketako saioak jarraitzeko ikastaro didaktikoak eskainiko zaizkie. Horretarako, Bertsozale Elkartea honako euskalduntze erakunde eta euskaltegiekin ari da elkarlanean: AEK erakundea eta euskaltegiak, Hizkuntza Eskola Ofizialak, IKA euskaltegiak, Bilboko Zenbat Gara Elkartea, Lazkaoko Maizpide euskaltegia eta beste hainbat euskaltegi.

EGUTEGIA

Kanporaketak

Irailak 29, igandea, Amasa-Villabona Behar-Zana pilotalekua

Urriak 5, larunbata, Markina-Xemein Udal pilotalekua

Urriak 12, larunbata, Hendaia Beltzenia ezker pareta

Urriak 13, igandea, Altsasu Burunda pilotalekua

Urriak 19, larunbata, Legazpi Urbeltz pilotalekua

Urriak 26, larunbata, Oion Arroyo I pilotalekua

Finalaurrekoak

Azaroak 9, larunbata, Gernika-Lumo Jai-Alai pilotalekua

Azaroak 10, igandea, Tolosa Usabal kiroldegia

Azaroak 16, larunbata, Oiartzun Elorsoro kiroldegia

Azaroak 17, igandea, Murgia Palatu kiroldegia

Azaroak 23, larunbata, Elizondo Baztan pilotalekua

Azaroak 24, igandea, Donostia Atano III pilotalekua

Azaroak 30, larunbata, Maule-Lextarre Ororena ezker pareta

Finala

Abenduak 15, igandea, Barakaldo. BEC

SARRERAK

Saioetarako sarrerak aurrez internet bidez bakarrik erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eu atarian. Dagoeneko salgai daude kanporaketa guztietarako eta finalerako sarrerak. Finalaurrekoetarako sarrerak urriaren 14tik aurrera egongo dira salgai. Finalerako sarrerak, autobus eta bazkari txartela Internetez ez ezik, herri askotan salmenta puntuak izango dira finalerako sarrera, autobus eta bazkari txartelekin. Salmenta puntuen zerrenda www.bertsozale.com atarian kontsultatu ahal izango da.