Gasteizko Udalak ez du punturik erantzuten

2013/12/02
Gasteizko Udalak 0 eurotan utzi du Arabako Bertsozale Elkartearekin zuen hitzarmena

2014ko udal aurrekontuetan ere, Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearekin azken urteotan izan duen hitzarmena, bertan behera uzteko asmoaren berri jaso dugu hedabide eta alderdi politikoen bidez, Udalaren aldetik inolako azalpenik jaso gabe. Hirugarren urtea da egoera berean aurkitzen garena, berriz ere ez dugu inolako komunikazio ofizialik jaso, ez ahoz ez eta idatziz ere ez. Euskara Sektore Kontseilura jo behar izan dugu honi buruz galdetzera. Orain hilabete batzuk Kontseilu honetan, funtzionamendu serio ezak eta adostutako irizpideak ez betetzeak baldintzaturik, parte hartzeari uko egin bagenion ere.

 

2012ko aurrekontuetan Gasteizko Udalak onartu zuen akats baten ondorioz geratu ginela Hitzarmenik gabe, Kultura arlotik Euskara arlora pasaz eta murrizketak izanda berreskuratu genuen Hitzarmena. 2013ko aurrekontuetan Udalak, beste alderdiekin negoziatzeko txanpon truke moduan gorde zuen.

 

Egun, 2014ko aurrekontuak lantzen ari diren honetan, ez dakigu zer gertatuko den gure Hitzarmenarekin, dakiguna da ez dela aurreproiektuan ageri.

 

Egoera horrek suposatzen duena argi esan nahi dugu,  lanean ari gara: “Gu ere bertsotan” proiektuan Gasteizko 9 ikastetxetan, 900 haurrekin; Arabako 2014ko Kuadrilla artekoan bat-bateko 5 talde Gasteiztar arituko dira kantuan, 8 bat taldetxok bertso jarrien sailean parte hartuko dute, 100 bat lagun denera; bertso-eskolan 3 talde daude martxan; Gasteizko jaietako Aihotz plazako saioak ala nola udal liburutegi sarearekin eta bestelako kultur eragileekin elkarlanean abiatutako ekimenak garrantzi handikoak dira…  Eta 900 ikaslerentzat urrian hasi eta ekainean amaitzen den ikasturtea aurrera doa, urtarrilean gertatu daitekeenaren berri argirik gabe. Arabako Bertsozale Elkartearen Gasteizko proiektu guztia dago jokoan. 

 

32 urte luze hauetan euskararen berreskuratze prozesuaren eskutik joan da beti bertsolaritza, ekarpena egin diogu eta bertatik edan dugu, elkar elikatu dugu, elkarren beharra dugu.  Besteak beste, bertsolaritza Gasteizen transmititu eta sustatzeko proiektua gizarte mailan oso ondo baloratua dago,  adin guztietako euskaldunek aisia eta astialdian euskara erabiltzeko, hizkuntzaren kalitatea handitzeko eta euskaraz gozatzeko proiektu oso bat eskaintzen duelako, integrala, euskararen ekosistema erabat aberastuz, eta euskaldunen komunitatea elkarreraginean jartzen lagunduz.

 

Gasteizko Udalari eskatu nahi diogu erabakia atzera bota dezan, ez gaitzala trukeko txanpon bezala erabili, bertsolariak ez ditzala isilarazi, bertsozaleak ez ditzala zokoratu, ez ditzala  plazak suntsitu, ez dezala euskal kultura zokoratu.