Araba

Espejo eta Sarriako bertso-barnetegiak

2015/04/27
Pazko astean, Gorbeialdeko eta Aiaraldeko umeek aukera izan dute bertso-barnetegietara joateko. Ia 100 elkartu dira Espejo eta Sarriako aterpetxeetan, Arabako Bertsozale Elkarteak Gorbeialdeko eta Aiaraldeko Kuadrillekin batera antolatu ditu.

Arabako Bertsozale Elkarteak, bertsozaletasunaren transmisio-lanak egiterako orduan, estrategikotzat ditu bertsoarekin lotutako aisialdiko jarduerak. Horien artean, azken urteotan, garrantzia berezia hartu dute eskola-umeen opor garaian egiten diren bertso-barnetegiek. Joan berri den pazko astean, apirilaren 8tik 10era, bi egin dira: Aiaraldeko 55 ume bildu ziren Espejon, eta Gorbeialdeko eta Aiaraldeko 40 bat, Sarrian.

Gorbeiapean kantari

Iñaki Viñasprek, Sarriako egonaldiaren arduradunak, hiru ekitaldi nabarmendu ditu Sarriako egonalditik: batetik, Gorbeialdeko eta Aiaraldeko lau bertsolarik (Xabi Igoak, Paula Amilburuk, Maria Fuentesek eta Asier Rubiok) egindako bertso-saio ederra; bestetik, Sarriatik gertu dauden Zaldibartxoko putzuetara egin zuten ibilaldia (bainu bat hartzeko ura oraindik fresko samar dagoen arren); eta, azkenik, jolas egiteko ingurune paregabea, aterpetxearen atzealdeko zelai  zabaletik hasita. Izan ere, bertsoaren inguruan hainbat eta hainbat eratara egin daiteke jolas, eta horixe da egonaldi hauen helburua.

Arratzua-Ubarrundiako, Zigoitiko, Zuiako eta Legutioko umeekin batera Laudioko hainbat ere elkartu ziren Sarrian. Egunerokoan hain ohikoak ez diren harremanak egiteko aukera ematen du horrek; aberasgarria, beraz. Eta, noski: harreman horiek euskaraz baldin badira, bertsoaren aitzakian, eragin positiboa are handiagoa da.

Espejon, familia handi bat

Laudio, Aiara, Artziniega, Amurrio, Urduña: horixe izan zen autobusak, apirilaren 8ko goizean, egin zuen ibilbidea. Eguerdia baino lehen iritsi zen Espejora, ondo pasatzeko prest zeuden umez karga-karga eginda. Bertso-abentura martxan zegoen jada!

Unai Mendibil arduradunaren hitzetan, hainbat eta hainbat izan ziren bertan egindakoak: bertsoa oinarri hartuta, kantaldiak, jolasak, ibilalditxoa… eta baita gaubela ere. Mendibilen hitzetan, “jatorri eta adin ezberdinetako umeek familia handi bat osatu zuten, bertsoaren eta euskararen inguruan. Azkeneko egunean, pena handiz hartu zuten autobusa umeek…”. Barnetegietakoak barru-barruan lekua egiten duten bizipenak izaten dira, eta hori oso garrantzitsua da umeengan. Askotan, denbora luzea irauten duten harremanak ere sortzen dira.

Bertsozale Elkarteko transmisio sailak eskolarteko txapelketari ekingo dio orain, buru-belarri. Hala ere, barnetegietarako gogoa duenak ez du kezkatu beharrik: laster etorriko dira aukera gehiago.

Bertsolariak Sarriako bertso-barnetegian