2016ko Arabako Kuadrilla artekoa hastear dago

2016/01/12
Larunbat honetan Trebiñuko plazan, komunikabieen aurrean, 2016ko edizioa aurkeztuko dute talde parte hartzaileek.

Bi urtean behin antolatzen den taldekako ekimena da Kuadrilla artekoa. Ekimen kolektiboa eta herrikoia da, Arabako bertso-eskolek sortzen duten egituran oinarritzen dena. Ekimen honetan taldeka parte hartzeak bertsogintza eta inguruko bertsolaritza mugimendua astintzen ditu, parte hartzea errazten du, bertso-eskolak indartzen ditu eta bertsozaletasuna sustatzen du.

Laugarren edizioa du aurtengoa. Bat-bateko 14 taldek parte hartuko dute, 51 bertsolari ariko dira kantuan, eta idatzizko 10 taldek. 3-6 bertsolariz osatutako taldeetan gai-jartzailea, epailea, musikariak, sukaldariak… ere taldekideak dira. Hala, taldea parte-hartzailea izateaz gain, talde antolatzailea ere bada, bere herrian edo eskualdean topaketa antolatzeaz arduratzen baita.

Arabako 6 eskualdeetako taldeen artean 6 topaketa antolatuko dira, erronka izaerarekin. Eskualde bakoitzean topaketa antolatzen duen taldea Arabako beste talde batzuekin erronkan arituko dira, formatu ezberdinean: bertso-bolo, saio musikatua, kopla lehiaketa, oholtza gaineko bertso-guda, bertso-herri kirolak, bertsotloia…

Larunbat honetan, hilaren 16an egingo da Arabako Kuadrilla artekoaren aurkezpena, 11:30ean Trebiñuko plazan. 23an hasiko da Izarran, Gorbeialdeko topaketarekin. Finala, berriz, martxoaren 12an izango da Argantzunen, eta bertan talde guztiek erronka ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute; erronkaz haratago, ordea, Arabako bertsolaritza eta euskararen festa izango da.