Zumaia eta Tolosako bertsoaldi onenak Hitzetik Hortzeran

2017/10/12
Aurrera doa Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Hitzetik Hortzera aukera paregabea da horren jarraipena egiteko. Pasa den igandean Zumaian jokatu zen eta datorren larunbatean Tolosan jokatuko den final laurdenetako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu igandean, 15:00etan, ETB1en.

Pasa den igandean Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal aritu ziren kantuan, Zumaiako pilotalekuan. Nerea Ibarzabalek irabazi zuen saioa eta Maule-Lextarreko finalaurrekoan kantatzeko zuzeneko txartela lortu zuen. Igandeko Hitzetik Hortzeran ikusgai izango dituzue hango bertsoaldi onenak.

Bestalde, datorren larunbatean Tolosan jokatuko da azken final laurdena eta han zehaztuko da finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolarien zerrenda. Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia arituko dira kantuan. Irabazlea zuzenean sailkatuko da Maule-Lextarreko finalaurrekora.

Datorren igandeko Hitzetik Hortzeran, beraz, Zumaia eta Tolosako bertso onenak; 15:00etan, ETB1en. Eta laster EITB Nahieranen.

Zumaiako eta Tolosako final laurdenak izango dira ikusgai. / Argazkilaria: Gari Garaialde - Iturria: XDZ