Zuberoa gertutik ezagutuz

2015/07/29
Maule eta inguruko eragileak ezagutzeko aukera bikaina izan zuten gazteek, hamaika jolas eta ekintzekin batera.

Iragan igandean amaitu ziren Mauleko bertso-udalekuak. Hilaren 17an hasita, 15-18 urte bitarteko gazteak egon dira han. Bertako eragileekin elkarlanean, bertso-udaleku ederrak osatu dituzte; Maule eta zuberotarrak ezagutzeko aukera paregabea.

Batetik, hainbat jolas eta ekintza egin zituzten hango berri jakiteko. Besteak beste, Zuberoa eta Euskal Herriko historia ezagutu zuten, Matalas Egunari esker. Saio famatuari keinu egiten dion Maule Express jolasa ere burutu zuten, eta hala hango jendearekin izan ziren hartu-emanean. Gauean, aterpetxean, Maule Berri jolasarekin eman zioten jarraipena, egunean zehar ikasitakoa elkarri kontatuz.

Bestalde, Zuberoako kultur eragileak ezagutu zituzten. Xiberoko Botza irratian izan ziren bisitan eta hastapenetik beraien historia entzun zuten; gainera, eurek asmatutako kantuak grabatu zituzten. Amaren Alabak taldeak beraien bizipenen berri eman zien gazteei aterpetxera hurbilduta. Bertso sorta batzuk ekarri zituzten taldekideek eta horien sortzaileak nortzuk ziren asmatu behar izan zuten gazteek, gero sorta denak ikasiz eta elkarrekin abestuz. Odei Barrosoren bisita ere jaso zuten, eta hark rapari eta bertsolaritzari loturiko esperientziak kontatu zizkien.

Aurretik, Orion eta Irañetan gertatu bezala, hezkidetza lantzeko saioa egin zuten, eta egonaldia amaitzerako, larunbatean, Amets Arzallus eta Miren Amuriza bertsolariekin pasa zuten egun osoa. Mauleko Zinka ostatuan ostegunean izan zen Bi Bala taldearen kontzertuarekin ere gozatu ederra hartu zuten bertso-udalekuko kideek.

Orioko eta Irañetakoarekin egin bezala, Mauleko bertso-udalekuetako begiraleek ere bideoa prestatu dute egonaldia laburbilduz. Bertsoan dago ikusgai.

2015 Maule-Lextarreko Bertso Udalekuak_bideoa

Mauleko bertso-udalekuak 2015