Xilabaren errepasoa egingo du Hitzetik Hortzerak

2016/11/03
Sustrai Colina, Amets Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua ariko dira Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako finalean. Aiziritzen eta Larresoron jokatutako finalerdietako ale onenak izango dira ikusgai igande honetan. Eta, Mattin Treku bertsolaria izango da aste honetako historikoaren protagonista.

Azkeneko txanpan sartua da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa. Hilaren 12an Baionako Laugan jokatuko den finaleko seikotea erabakita dago jada: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua. Aste honetako Hitzetik Hortzeran motorrak berotzen hasiko gara, finalerdietako bertsoaldi onenak ekarriko baititugu telebista pantailetara.

Aste honetako Hitzetik Hortzeran sei finalistekin ariko gara hizketan, eta txapelketan orain arte egindakoa aztertzeaz gain finalera begira dituzten sentsazioen berri ere emango digute.

Urriaren 22an eta 29an jokatu ziren finalaurrekoetako bigarren itzuliko saioak. Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nahia Sasco, Maddi Sarasua eta Egoitz Zelaia aritu ziren Aiziritzen eta Sustrai Colina, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua, Aitor Servier eta Ramuntxo Christy Larresoron. Bi saioetako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Mattin Trekuren historikoa

Mattin Treku (1916-1981) bertsolari ahetzearra omenduko dute aurtengo Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketan. Bertsolari maitatua izan zen, eta umorerako joera berezia bazuen ere, une hunkigarriak ere izan zituen oholtzan. Behin, bertso-saio batean atzerrian zuen semeari hiru bertso kantatu eta negarra irten zitzaion. Laguna hala ikusita, bertso-sorta bat idatzi zion Fernando Aire Xalbador (1920-1976) urepeldarrak. Pasarte hori gogora ekarriko dugu aste honetan.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Sei finalistekin egon da Hitzetik Hortzera