Xabier Amurizaren inguruan antolatutako ekitaldiak, Bertsoan

2016/06/13
"Izarren Saldagina" jarduera sorta antolatu dute Durangaldean ekainaren 16an, 17an eta 19an.

Amorebieta-Etxanon, Durangon eta Berrizen izango dira Xabier Amurizaren omenez antolatutako ekintzak, ostegunetik aurrera: hitzaldia, kantaldia eta erromesaldi artistikoa eskainiko dira eta horien inguruko xehetasunak ekarriko ditu Bertsoak aste honetan.

Hilabete eskas barru sanferminetan izango gara eta jai hauetan bertsolaritzak izango duen lekuaz ariko zaigu sareko plaza. Bestalde, asteak dakartzan albisteak ere jorratuko ditu: aurtengo Bertso Eskolen Eguna eta Guadalajarako Maratón de Cuentos egitasmoan Mintzolak izango duen parte-hartzea, esate baterako. Asteburuko agendan ere jarriko dugu begirada.

Bertsoaldientzako leihoa ere zabalduko du Bertsoak eta Zamudioko zein Ereñotzuko bertsoaldiak jarriko dira entzungai, gaur eta bihar. Bestalde, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz, 2003ko Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketatik berreskuratutako lagina izango da gozagai; Menorkako eta Portugaleko kantu inprobisatuen erakustaldia.

Zamudioko saioan botatakoak entzungai dira sareko plazan.