UPV/EHUko Uda Ikastaroak, apirileko BertsoZalean

2017/04/07
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia gauzatu zen aurreko hilabetearen amaieran, eta onartutako egitasmoaren berri ere badakar hilabete honetako berripaperak.

Udaberri bete-betean egonda, apirileko BertsoZalea pauso bat harago joan eta udako hitzordu bat gogoraraztera dator: azken urteotan egin bezala, aurtengo UPV/EHU Uda Ikastaroetan ere izango du tartea bertsolaritzak. Bertsolarien kantaera eta sormena ikastaroa antolatu du Mintzola Ahozko Lantegiak abuztuaren 24 eta 25erako Donostiako Miramar Jauregian eta matrikula epea zabalik dago. Egitaraua, matrikulazioa gauzatzeko prozedura eta gainerako xehetasunak topa daitezke BertsoZalearen apirileko alean.

Bestalde, azken hilabeetan Arabako eta Nafarroako txapelketei egindako jarraipena biribiltzeko, bi finalen ingurukoak ekarri ditu berripaperak; tartean, Oihane Perea Arabako bertsolari txapeldunak txapela jantzita botatako agurra. Era berean, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten ari diren taldekako egitasmoen inguruko informazioa ere eskuragai dago, labur-labur.

Txapelketa hauen ondotik Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da udazkenean. Martxoaren 25ean Ozaetan gauzatutako Euskal Herriko Batzar Nagusian azaldutako egitasmoaren baitan dago txapelketa ere; honen zein beste ekimenen inguruan nabarmendutakoak dakartza hilabete honetako berripaperak.

Hitzetik Hortzeraren denboraldi amaiera, Iñaki Apalategiren puntua, Poto-finixa eta Koplak ere topa daitezke apirileko BertsoZalean.

Apirileko berripapera kaleratu berri da.