UNI-bertsoan, hitzaldia eta bertso-saioa EHUn

2015/12/09
Abenduaren 15ean izango da Gipuzkoako Campusean, Donostian.

Bertsolaritzaren inguruko ikerketaz gehiago ezagutzeko abagunea eskaintzen du UNI-bertsoan ekitaldiak. EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzak antolatuta eta Mintzola Fundazioak lagunduta, hitzaldia eta bertso-saioa biltzen ditu ekimenak.

Abenduaren 15ean, asteartean, izango da 12:00etatik aurrera. Mintzola: Bertsolaritzaren ikerketaren eragile hitzaldia eskainiko du Karlos Aizpurua Mintzolako zuzendaritza kideak lehenik, eta  gero, 12:30ean, bertso-saioa eskainiko dute Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek.

Bertsolaritzak eta bere ikerketak tokia indartu du unibertsitatean, besteak beste, EHUko Uda Ikastaroen baitan antolatutako ikastaroekin, Laboa Katedrak eta Mintzolak egindako ikerketa deialdiekin, eta datorren abenduaren 15ean izango den UNI-bertsoan bezalako ekitaldiekin.

EHUko Uda Ikastaroen baitan, kantuak eta bertsoak uztartu ziren. / Iturria: XDZ