Uda iritsi da Bidarraira eta Muxikara!

2017/07/23
Bi toki horietan hasi berri dira Bertso Udalekuak, Irañetan amaitu eta gero. Uztailaren 31ra bitarte izango dira han 15-18 urte bitarteko gazteak.

Aldi berean hasi eta amaituko dira Bertso Udalekuak Bidarrain eta Muxikan. Menditarrena aterpetxeak eta Gorozika Natur Eskolak atzo eman zien ongi etorria udalekuotaz gozatuko duten gazteei eta han izango dira hilabetea amaitzen den arte, uztailaren 31ra arte.

Bertso Udalekuetako gazte helduenak izango dira Bidarrain, 17-18 urte bitartekoak, alegia. 26 lagunok eta 7 hezitzailek, Iparla mendiaren magalean direla eta Errobi ibaiak zipriztinduta, txangoak, raftinga, clown tailerra, bertso-pintxo-poteoa, generoaren inguruko hausnarketa, akelarrea,... egingo dituzte. Finean, aisialdiko ekintzetaz gozatuko dute, bertsolaritza eta sormena oinarrian direla. Hain zuzen, bertso-afaria egingo dute egonaldiaren erdian, Miren Amuriza eta Odei Barroso lagun.

2017 Bertso Udalekuak - Muxika

Muxikan 15-16 urte bitarteko Euskal Herri osoko gazteak elkartuko dira; 45 guztira, 9 hezitzailerekin. 10 geltokiko bidaia proposatzen da udalekuotan: lotsaren geltokian, oroimenaren eta memoriarenean, zaintzaren geltokian eta beste hainbatetan, antzerki tailerrak, oroimen historikoaz solasaldia eta sentimenduen adierazpenaren inguruko hausnarketa egingo dituzte, besteak beste. Tartean, transbordoa ere egingo da Lekeitio, Mundaka, Ea eta inguruko herrietara. Bertsotan aritzeko, Saioa Alkaiza eta Beñat Gaztelumendi igoko dira trenera bosgarren geltokian.

Behin uztaila amaituta, abuztuko txanda baino ez da geratuko 20. urteurrena duten Bertso Udalekuak bukatzeko: Zuhatzan izango da azken hori.

Bidarraiko taldea.