Ternuako koplak, sagardotegiko bertsoak eta Menorcako glosak Hitzetik Hortzeraren azkeneko saioan

2013/05/29
Astigarragan eta Iruñean grabatutako saioez gain, Jon Maiari elkarrizketa Pasaian, San Juan baleontzia berreraikitzeko proiektuari buruz. Ostiralean 21:00etan, eta igande bazkalostean etb1en. Eta eitb nahieranen.

Ostiralean amaituko du denboraldia Hitzetik Hortzerak. Astigarragako Petritegi sagardotegian Jon Maia eta Aitor Mendiluzerekin egin duten bertso-afariko onaurkiak emango dituzte hondar alean. Sagardotegira joan aurretik, dena den, Jon Maiarekin izan da Jon Artano Pasaian. San Juan baleontziaren berreraikitze-lanen hasiera bertatik bertara ikusi dute Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroan. Donostia 2016ko ikur izango da XVI. mendeko galeoiaren erreplika, eta Maiak proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkio Artanori. Partida Tristea Ternuarat kopla sortatik abiatuz, euskal baleazaleen kulturaz aritu zaio.

Bertsolariak eta glosalariak Iruñean

Menorcako glosalariak Euskal Herrian izan dira joan den astean. Besteak beste Iruñean kantatu dute, eta bertan izan da Hitzetik Hortzera ere. Zaldiko Maldiko elkartean bertso eta glosa saioa egin dute eta, dena hobeto irten zedin, merendua ere bai saioaren aurretik. Aurkezle eta gai-jartzaile Ainhoa Aranburu izan da; bertsotan, Aimar Karrika eta Oskar Estanga –gitarra eta guzti–; glosak inprobisatzen, Esteve Barcelo Verderol eta Joan Moll Joanet, Ismael Moll Pele gitarraz lagundurik; eta itzultzaile-lanetan, berriz, Marc Febrer, Iruñean bizi den menorcarra.

40 bertso-saio, 27 programatan

Azaroaren hondarrean abiatu zenetik, 40 bertso-saio grabatu ditu Hitzetik Hortzerako lantaldeak; bertso-otorduak, jaialdiak, plaza libreak… Euskal Herri osoko hamaika antzoki, elkarte, gaztetxe eta kaletan. Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako txapelketetan izan da programa, eta bertsoaren jirako pertsona mordo bati eman dio tartea. Aurkezpenak platotik atera ditu Hitzetik Hortzerak, bertsolaritzaren berezkotasunera gerturatzeko; lekuan lekuko istorioek  eta ezaugarri propioek ñabartu dute azken emaitza. Ohiko programez gain, pare bat ale berezi ere ondu ditu: aurrena Joxe Agirreri eskainia, Izarraizko azeria joan zenean; eta bestea, hau ere monografikoa, Andoni Egañak Txapelketa Nagusian egindakoa biltzen duena.