Sardiniara doa Mintzola

2015/11/24
Azaroaren 27an eta 28an kulturarteko topaketa egingo da han, eta Oihana Bartra eta Igor Elortza bertsolariak joango dira, Karlos Aizpurua Mintzolako kidearekin batera.

Instituto Etnografico Della Sardegna erakundeak antolatuta, Atòbius in Rima kulturarteko topaketa egingo da Sardinian, eta Mintzola Fundazioak ere parte hartuko du.

Azaroaren 27an eta 28an izango dira jarduerak, Cagliariko Kontserbatorioko Auditoriumean. Oihana Bartra eta Igor Elortza bertsolariak izango dira han, Karlos Aizpurua Mintzolako zuzendaritza kidearekin batera. Azaroaren 27an, ostiralean, publiko eta ikasleei zuzenduriko tailerrak eskainiko dira 18:00etatik aurrera eta Karlos Aizpuruak hitzaldia emango du, Auto-antolaketa bertsolaritza biziberritzeko gako izenburupean. Hurrengo egunean, 20:00etan hasita, emanaldia osatuko dute bertsolariek eta cantadoriek. Sardiniako inprobisazioko lau adieren erakustaldia egingo da, mutetu, repentina, muto eta otada, eta tartean, bertsolariek ere euren lana uztartuko dute.

Mintzolak Sardiniako cantadoriekin eta, oro har, kulturartearen baitan garatu duen lanaren haritik sortu da topaketa honetan parte hartzeko aukera. Azken hilabeteetan eta datozenetan ere ez dira gisa honetako topaketak faltako, Sardiniakoa bezalako gonbidapenez gain, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin elkarlanean prestatutako Europa bat-batean proiektuari esker.

Cantadoriak eta bertsolariak ariko dira Sardiniako emanaldian.