Ostiralean abiatuko da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2014/03/03
Martxoaren 7an hasiko da eta, sei kanporaketa saio egin ostean, maiatzaren 11n izango da bat-bateko finala Arrasaten. Lehenengo saioa datorren ostiralean izango da Zarautzen eta, gainontzeko kanporaketa saioetan bezala, hiru ekimen izango dira: idatzizko sariketa, saio didaktikoa eta bat-bateko txapelketaren kanporaketa.

Bertsopaper ariketa Zarauzko Oteiza Lizeoan izango da, arratsaldeko 15:00etatik 16:00etara. Zarauzko eta Orioko Ikastolek, Getariako Iturzaeta eskolak, Zumaiako eskolak eta Hernaniko BHI-ko 205 ikaslek hartuko dute parte.

Ondoren, arratsaldeko 16:30etik, 17:30era, Saio didaktikoa izango da Zarauzko Modelo aretoan. Zarauzko bi talde eta Hernaniko taldea arituko dira Mantxi eta Andoni Egaña bertsolariekin batera. Aurkezle lanetan Peru Gabirondo arituko da.

Eguna borobiltzeko, arratsaldeko 19:00etan afari-merienda egin ostean, iluntzeko 20:30ak aldera hasita, helduen bat-bateko saioa izango da Urpekoak Elkartean (Azken Portu). Bat-batean arituko dira: Amaia Urbieta (Zarautz), Unai Sarasua (Zumaia), Danel Olano (Getaria), Aitor Baledi (Hernani), Andoni Mujika (Urnieta) eta Jon Otegi (Oiartzun). Aurkezlea Leire Etxeberria izango da.

Hurrengo kanporaketa saioak Lasarten, Zumarragan, Lazkaon, Elgoibarren eta Azkoitian izango dira. Ikus egitarau osoa.

Bat-bateko kanporaketa afaritrako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian 12 eurotan. Sarrerak hartzeko azken eguna: saioa izango den asteko asteazkena.

Berrituta dator Gipuzkoako Eskolartekoaren 34. edizioa. Filosofian eta formatuetan

Kanporaketa egun bakoitzean, hiru ekimen antolatuko dira herri berean.

                 -Idatzizko sariketa, ohi bezala egingo dena: ikastetxe batean herri ezberdinetako ikastetxeetako ikasleak elkartu, eta bertsoak jartzeko gaia emango zaie, eta denbora jakin bat. Lanak bertan aurkeztuko dituzte, eta lan hautatuak bat-bateko txapelketaren final egunean sarituko dira.

                 -Saio didaktikoa, lehen aldiz egingo dena. Idatzizko lanak egin dituzten ikasle horiek elkartuko dira hurbileko areto batean, eta eurentzat neurrikoa (erakargarria) izango den saio bat eskainiko dute inguruko bertso-eskoletako haurrek eta bi bertsolari ezagunek. Gai jartzaileak publikoa ere inplikatzeko ariketak jarriko dizkie.

                 -Bat-bateko txapelketaren kanporaketa. 15-18 urteko gazteek hartuko dute parte (15 urtez beherakoak ez dira bat-batekoan lehiatuko). Herriko elkarte batean bertso afari formatuan egingo dute bat-bateko kanporaketa saioa, arratseko 19:00etan hasita.

                * Afaritarako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian (12€). Sarrerak hartzeko azken eguna, saioa izango den asteko asteazkena.

 

Parte hartzaileak

                 -Idatzizkoan, guztira, 956 ikaslek hartuko dute parte, 28 ikastetxek, eta hainbat bertso-eskolatako             ikasleek.

                 -Saio didaktikoetan 10 bertso-eskolatako taldeak ariko dira kantuan, eta eurekin batera Gipuzkoako            beste 12 bertsolari ezagun.

                 -Bat-bateko txapelketan 15-18 urteko 34 bertsolarik hartuko dute parte. Gai-jartzaile taldean adin horretako beste 11 gazte ariko dira finalerako gaiak jartzen, Inaxio Usarralde eta Egoitz Aizpuruk lagunduta.

                 -Eskolartekoan Gipuzkoako bertso-eskola hauek hartuko dute parte, antolakuntzan ere euren laguntza eman digutenak: Erniarraitz (Azpeitia-Azkoitia-Errezilgo bertso-eskola), Goierri, Arrasate, Zumarraga-Urretxu, Getaria, Oñati, Zarautz, Zumaia, Oiartzun, Hernani, Zizurkil, Larraul, Eibar, Elgoibar.

 

Antolatzaileak

Idatzizko sariketa eta osteko saio didaktikoak Ikastolen Elkarteak antolatu ditu.

Bat-bateko txapelketa, Ikastolen Elkarteak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatu dute elkarlanean, bertso-eskolen laguntzari esker.

Tolosan izan zen 2013ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala