Maider Unda, igandeko Hitzetik Hortzeran

2017/01/12
Borroka librean egindako bideaz eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ariko da oletarra. Amurrioko eta Aramaioko bertsoaldi onenak izango ditugu entzungai eta historikoaren atalean, berriz, Andoni Egaña eta Xabier Perez "Euzkitze" haurrari izena jarri nahian entzungo ditugu.

Aurpegi ezaguna da Maider Unda. Ibilbide oparoa egin du borroka librean; tartean, brontzezko domina lortu zuen 2012ko Olinpiar Jokoetan. Bera izango da aste honetako gonbidatua Hitzetik Hortzeran, eta, kirol profesionala utzi berritan, egindako ibilbideaz eta aurrera begira dauzkan asmoez ariko gara berarekin. Eta, noski, bertsolaritzaz ere jardungo gara, gertutik ezagutzen baitu Xabier Amurizak Hitzaren Kirol Nazionala deiturikoa. Besteak beste, bertso bat Maider Undaren ahotik entzuteko aukera izango dugu.

Guraso izateari bertsotan

Plazako jardunak bere tokia beteko du aste honetako programan. Hasteko, abenduaren 30ean Aramaion Peru Abarrategik, Iker Zubeldiak, Sustrai Colinak eta Oihana Iguaranek kantatutako bertsorik onenak entzuteko aukera izango dugu. Manex Agirre eta Xabi Igoa aritu ziren gai-jartzaile lanetan. Tartean, aita izan berri den Sustrai Colinari aholkuak ematen aritu zen Iker Zubeldia.

Aste honetako historikoan ere gurasotasuna izango da gai. 1993an Lazkaon egindako jaialdian haurrarentzako izen bila jarri zituen Joxepa Madariaga gai-jartzaileak Andoni Egaña aitona eta Xabier Perez "Euzkitze" semea. Bertsoaldi umoretsua eskaini zuten.

Urtarrilaren 6an, berriz, urteroko hitzordua izan zuten bertsozaleek Amurrion. Normalean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsolariak aritzen dira bertan. Aurtengoan ere han aritu ziren kantuan Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina; Maialen Lujanbioren ordez Alaia Martin jardun zen kantuan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Ainhoa Comasek bete zituen. Saio ederra atera zen Amurriokoa, eta bertako bertsoaldi onenak ere ikusgai izango dira Hitzetik Hortzeran.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster, interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Maider Unda izango da igandean Hitzetik Hortzeran