Lauroetako eta Pausuko bertso-afariak HITZETIK HORTZERAn

2013/02/27
Xabi Payak gidatuta Bilbon ibilaldia egingo du programak

Arkaitz Estiballesek eta Xabi Payak afaloste mundiala pasa arazi diete Loiuko Lauroeta auzoan bildu diren 80 lagunei. Hitzordu jakina izaten da sasoi honetan Aurregoiti jatetxean egin ohi den txarri-boda. Urteroko bertsozale klasikoak batu dira bertan; tartean zen Joxe Elorrieta. Hain aukerako harrapakinari ezin muzin egin eta epelak aditu behar izan zituen ELAko idazkari nagusi izandakoak; barrez ito beharrean egon ziren denak.

Loiura bertaratu aurretik Bilbon ibili dira batetik bestera Xabi Paya eta Jon Artano Vista Alegre zezen plazan hasita. Bilboko sekretuak erakusten hamaika aldiz ibili da Paya ikasle taldeen gidari. Eta Artanoren galderei emandako erantzunetan hiriari buruzko kontuak ere tartekatu ditu.

 

Korrika Kulturalaren karietara Pausuan

Pausuko Xaia ostatuan bertso-afari musikatua izan dute. Han ere  80 lagun barrena bildu dira. Maddi Ane Txoperena, Amets Arzallus, Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarren bertsoekin atsegin hartu dute bertaratutakoek.

Ostiralean 21:00etan ETB-1en, eta geroztik nahieran. Igande bazkalostean 20 minutuko laburpena emango dute.