Larunbatean ospatu zen Larraldean Bertsularien Lagunak Elkartearen urteroko Biltzar Nagusia

2014/03/03
2013an transmisioan eta sustapenean egin lanaren bilanak eta 2014rako egitasmoak aurkeztu ziren. Bertara hurbildurikoek 2013ko diru kontuak eta 2014ko aitzinkontua aho batez onartu zituzten. Haien artean bertsulariak, bertsuzaleak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak baziren, bertzeak bertze, Hego Lapurdiko Hiriguneko, Euskal Konfederazioko eta Euskal Kultur Erakundekoak.

2013ko datuak aztertuz, Iparraldeko 3 probintzietan bertsularitzaren jarduna emendatuz joan dela azpimarratu zuten, bai ikastola eta gela elebidunetan, bai bertsu-eskoletan, baita beste elkarteek antolatzen dituzten saio kopuruari begiratzen zaionean ere. Hedapen horretan, aipamen berezia egin zitzaion erakasleen lan emankorrari. Maleruski, baliabide ekonomikoak ez dira hein berean biderkatzen ari, eta lekuko erakundeei dagozkien ardurak hartzea galdegin zitzaien. Egungo egoera «hazkunde krisi» moduan definitu zuten.

Maite Deliartek, Euskal Kultur Erakundearen izenean, Bertsularien Lagunaken lana goraipatu zuen, eta BL-k bertsularitzaren sustapenean iparraldeko probintzietan duen erreferentzialtasuna azpimarratu. EKEtik laguntzen jarraitzeko engaiamendua ere berretsi zuen, sustapenean bereziki. Transmisioan ere laguntzeko bideak jorratzen ari direla jakinarazi zuen.

Euskal Herriko Elkartetik Iñaki Murua lehendakariak esker oneko hitzak ukan zituen, bereziki, proiektua gauzatzeko lanean ari direnentzat, eta bertan zen Amets Arzallus zoriontzearekin batera, bertsu-eskoletan ari diren gazteen aipamena egin zuen, eurak baitira bertsularitzaren geroa.

Azkenik, Joana Itzaina BL-ko lehendakariak, Amets Arzallus txapelduna zoriondu zuen eta, bereziki eskertu, bertsu-eskoletaz egin dituen aipamen baikorrak. Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuten iparraldeko bertze bertsularien lana txalotu ostean, egunerokoan bertsutan ari diren guziak eskertuz bukatu zen biltzar nagusia. Hauxek izan ziren lehendakariaren azken hitzak : « harro izaiteko indarra emaiten daukuzue».

Umore onean, talde argazkia eta aperitifarekin bukatu zen Biltzar Nagusia.

Denek gogoan izan genuen orduan 2013an zendu zen Fermin Mihura , bertsularia izateaz gain Bertsularien Elkarteko lehendakaria ere izan zena.

2014ko martxoaren 1ean, Senpereko Amotz auzoko Larraldea etxean egin zen Bertsularien Lagunak Elkartearen biltzar nagusia