Larunbatean izango da Hernandorena sariketa

2015/10/15
8 bertsolari ariko dira; publikoak sarituko ditu bertsolariak.

Larunbat honetan burutuko da Hernandorena sariketa, 18:00etan, Baigorriko Bixentainian. 8 bertsolari ariko dira: Peru Abarrategi Arabatik; Maddalen Lopez Nafarroatik; Txaber Altube Bizkaitik; Maider Arregi Gipuzkoatik; eta Kerman Diaz, Nahia Sasco, Lur Renteria eta Aitor Servier Lapurditik. Gaien prestaketan eta aurkezle lanetan Ainhoa Sarasua ariko da.

Sariketan ez dago epaimaharik eta honenbestez, publikoak hartzen du bertsolariak saritzeko ardura, kategoria ezberdinei arreta jarriz: umoretsuena, gustukoena, sakonena...

Afaria ere eskainiko da, 17 eurotan, Kli-K txarangak alaiturik. Izena emateko Bertsularien Lagunak elkartera deitu 00 (5) 59 54 15 04 zenbakira edo zuzenean Amaia Castoreneri 00 (0) 687 117 255 zenbakira.

Euskal Kultur Erakundeak gonbidatuta egun hauetan Euskal Herrian diren diasporako hiru lagun ere agertuko dira: Martin Goicoetchea, Johnny Curutchet eta Frantxua Bidaurreta.

Antolaketan Basaize Elkarteko kideak aritu dira, Bertsularien Lagunak elkartearekin batera. Sariketa hau V. Xilaba xapelketaren girotze fasean txertaturik doa, beti ere, bertsolaritzaren eta bertsozaletasunaren sustapena eta giroa piztea helburutzat hartuz.

Hernandorena sariketa udazkenean burutuko da aurten