Kulturartekotasun eguna ospatu zuten Bidarrain Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre bertsolariekin

2013/07/18
Bertso-udalekuan 15-18 urtekoen txandan gustora daude Bidarraien. Iniziatibaz eta ekimenez gogotsu dabiltza gazteak. “Poteo performancea” egina dute herrian barrena, erronka eguna ere bai enpresaburu eta langileen artean, bertso-afari parte hartzailea asmatu zuten gaubela baterako, rafftingean freskatu dira ibaian...

Asteartean Kulturartekotasuna eta herri mina izan ziren eguneko gaia, eta arratsaldean Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre bertsolariak etorri ziren. Gaubelan musika eta erritmo baseen gainean inprobisatu zuten bi bertsolariek. Astelehenean bukatuko dute 10 eguneko egonaldia, eta datozen egunak ere indartsu datoz: Iparla mendira irteera, genero tailerra, urritasunen inguruko sentsibilizazio eguna edota Oskar Estangarekin egingo duten kantagintza tailerra eta kantuen grabaketa dituzte zain.

Bidarrain 15-18 urteko 42 gazte daude, bertso-eskoletako kideak dira denak. Begirale taldea osatzen dutenak, berriz: Eneko Beretxinaga (zuzendaria), Miren Artetxe, Ander Lizarralde, Nagore Soroa, Ander Solozabal eta Esti Alberdi. Sukaldariak Unai Muñoa eta Iosu Isaias Villanueva dira.