Kalean da otsaileko BertsoZalea

2016/02/10
Martxoaren 5ean egingo den Batzar Nagusiak hartu du berripaperaren azala. Ahots Baten sormen egonaldiak, Bertso Udalekuek, BBK Sariketak eta Gipuzkoako Eskolarteko txapelketak osatu dute hilabete honetako alea.

BertsoZalea bere bidea egiten dabil bazkideen postontzietara. 171.aleak Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia du protagonista; martxoaren 5ean izango da Bergaran. Bestalde, herrialdeetako elkarteek ere ekin diote urteroko batzarrak egiteari. Horien inguruko informazio osatua topatuko duzu berripaperean.

Bestalde, Mintzolaren eskutik antolatutako Ahots Baten sormen egonaldiaren ingurukoak ere badakartza ale honek. Esti Alberdi egitasmoaren koordinatzailearen ahotik ezagutuko ditugu egonaldiaren nondik norakoak. Udako egonaldiei begira ere jarriko gaitu berripaperak: 2016ko Bertso Udalekuetako txanden tokiak eta datak zehaztuta daude, eta hezitzaileek berehala izango dute horietan parte hartzeko izena emateko aukera.

Sariketa eta txapelketei tartea eginez, Bizkaiko BBK sariketa eta Gipuzkoako Eskolartekoa biltzen ditu BertsoZaleak. Otsailaren 16an aurkeztuko da BBK sariketa eta martxoaren 11an jokatuko da finala lau kanporaketa eta bi finalaurrekoren ondotik. Hilaren 12an hasiko da, berriz, Gipuzkoako Eskolartekoa, bat-bateko saio, idatzizko eta didaktikoekin.

Maddi Sarasuak Eli Pagolari jarritako puntuak, koplek eta poto-finixak biribiltzen dute 171.alea.

Bertsozalearen 171.alea