Kalean da martxoko BertsoZalea

2016/03/09
Batzar Nagusian aurkeztutakoak laburbildu ditu hilabete honetako aleak. Nafarroan, bertsolaritzak hezkuntza arautuan egin duen aurrerapausoaz ere badihardu.

Pasa den larunbatean egin zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Batzar Nagusia. Bergarako Irizar Jauregian gauzatu zen bilkura eta han esandakoak bildu ditu martxoko BertsoZaleak bere azalean. Mintzolaren bidez, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin elkarlanean, egingo den Europa bat-batean proiektua nabarmendu zen aurtengo egitasmoen artetik.

Bestalde, Nafarroan bertsolaritzak hezkuntza arautuan izan duen aurrerapausoaz dihardu berripaperaren 172.zenbakiak. Gobernu aldaketaren eraginez, Bertsolaritza irakaskuntzan programak administrazioaren babesa lortu du berriro.

Arabako eta Nafarroako taldekako ekimenak ere bere bidea amaitzear dira: Kuadrilla artekoa zein Bardoak egitasmoak urtarrilean hasi ziren eta hilabete honetan amaituko dira, asteburu honetan eta hurrengoan hain zuzen. Azken saioen inguruko xehetasunak dakartza BertsoZaleak.

Eta ez hori bakarrik: Aitor Servierrek Abra sariketan botatako bertsoaldia, Eli Pagolaren puntua Beñat Iguaranentzat, poto-finixa eta kontu bete kopla, martxoko BertsoZalean.

BertsoZalea digitalki jasotzen duten bazkideei jada iritsi zaie berripapera; laster iritsiko da paperean ere gainerako bazkideen esku artera. Gogoan izan paperean jaso beharrean digitalean jaso dezakezula berripapera, eskaera komunikazioa@bertsozale.eus helbidera bideratuta.

Batzar Nagusiaren ingurukoak dakartza martxoko BertsoZaleak