"Kafkaren aulkia" izeneko emankizun berria aurkeztu da

2013/10/09
Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak, Pello Ramirez musikariak eta hainbat idazlek (Andu Lertxundi, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola, Xabier Mendiguren...) emankizun berri bat jarri dute abian. Bertsoa eta literatura uztartuko ditu emankizunak. Azaroaren 3an Ondarroan, 27an Donostian eta abenduaren 11n Bilbon ikusi ahalko da.

KAFKAREN AULKIA emankizunean ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dute idazle batek eta bi bertsolarik (Uxue Alberdi eta Andoni Egañak), Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko errelatoan txertatuko da hark agindu ahala.

Idazleak osatuko du emankizunaren ardatz izango den errelato nagusia, berak hautaturiko genero, molde eta tonuan. Narrazioak askotarikoak izango dira, idazle bakoitzaren estiloaren araberakoak: poema-errezitaldiak, ipuinak, hitzaldi literarioak, nobela bateko pasarte hautatuak... Bertsolariek pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute, narrazioari koloreak, atmosferak eta kanpo-begiradak gehituz.

Idazlearen emana eta bertsolarien ekinaldiak txandakakoak izango dira eta, musikariarekin batera, emankizun oso bat eratuko dute.

Lehen emanaldiak:

Urriak 17: Bilbo. Bidebarrietako liburutegian. 19:30. Idazlea: Miren Agur Meabe

Azaroak 3: Ondarroa. Kofradia Zaharrean 12:30. Idazlea: Eider Rodriguez.

Azaroak 27: Donostian, Casares kultur etxean 19:30. Idazlea: Arantxa Urretabizkaia

Abenduak 11. Bilboko Deustuko udaltegian 19:30. Idazlea: Harkaitz Cano.

Emanaldietarako bitartekaritzaz Lanku arduratuko da.

Mikel Mariskal, Lankuko zuzendaria; Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak; Arantxa Urretabizkaia eta Harkaitz Cano idazleak; Pello Ramirez musikaria.