Itziar Ituño izango da bertsokide Hitzetik Hortzeran

2016/10/20
Telebistan, antzerkian eta zineman egindako bideaz arituko da eta 2012an Basauriko San Fausto jaien pregoian botatako bertsoaren xehetasunak ere azalduko dizkigu. Aste honetan Basauri, Urepele eta Iurretako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu eta, historikoen atalean, Andoni Egañak bederatziko txikian botatako hiru bertso berreskuratuko ditugu.

Telebista-ikusleentzat aurpegi ezaguna da Itziar Ituñorena. Goenkale saio ospetsuan egindako lanaz gain, zineman eta antzerkian ere zaildutakoa da eta, besteak beste, Loreak film txalotuan aritu zen. Basauriarra izango da igande honetan Hitzetik Hortzerako gonbidatua eta, besteak beste, 2012ko Basauriko San  Fausto jaien pregoian bota zuen inguruko xehetasunak kontatuko dizkigu.

Hala ere, plazako jardunak beteko du tarterik handiena aste honetako programan ere. Besteak beste, Oihana Bartra eta Jone Uria parrandan elkarrekin dabiltzan ama-alaben paperean entzungo ditugu; zorriak dauzkaten haurren larrutik umoretik hazka egingo digute Sustrai Colinak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Jon Maiak, Alaia Martinek eta Unai Iturriagak; Espainiako legioko ahuntzaren bahiketa misteriotsuaz ariko da Jon Maia; etxe huts batekin zer egin erabakitzen ahaleginduko dira Amets eta Maddalen Arzallus; alkoholemia kontrol batean elkartuko dira Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus... Basauri, Urepele eta Iurretako saioetako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu aste honetako programan.

Andoni Egaña bederatziko txikian

Horrez gain, gogoratzeko moduko bertsoaldi bat ere berreskuratuko dugu. Arkaitz Estiballesek ariketa zaila jarri zion Andoni Egañari 2006an Basaurin: hiru hitz emanda, bederatziko txikian hiru bertso kantatzeko eskatu zion. Bertsolari batentzat dagoen neurri zailenetakoa da bederatziko txikia, eta maisuki bete zuen bere lana Zarauzko txapeldunak.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Itziar ituño, igande honetan gonbidatu.