Irailaren 17an ospatuko da Bertso Eskolen Eguna, Portugaleten

2016/06/13
Aurten izan duen harrera ikusita, Bertsotruk ekimenak ere izango du jarraipena datorren ikasturtean, eta Portugaleteko hitzordua izango du abiapuntu.

Goiztiar dator 2016ko Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna: irailaren 17an izango da, Portugaleten. Honenbestez, adi oporretatik bueltan, irailaren hasieran eskainiko baitira egitarauaren inguruko xehetasun gehiago eta irailaren 2tik 12ra jarriko baitira eskuragai bazkaritarako txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean, 15 euroren truke.

Bertsotruk ekimenak segida izango du

Balorazioa ona izan du Bertsotrukek eta horren ondorioz hurrengo ikasturtean egitasmoak jarraipena izango duela erabaki dute Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeko kideek. Portugaleten bertan abiatuko da bigarren edizioa.

Iaz, bertso-eskolen arteko harremanak sustatzeko helburuarekin sortu zuen Bertsotruk ekimena Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak eta azaroaren 14an Agurainen ospatu zen Bertso Eskolen Egunean eman zitzaion hasiera. Guztira, Euskal Herri osoko 26 bertso eskolak hartu dute parte eta saioen formatua parte-hartzaile ziren bertso-eskolek erabaki dute. Lehenengo edizio honetan 30 saio izan dira ondorengo herrietan: Etxarri-Aranatz, Alegia, Markina-Xemein, Oñati, Irun, Mungia, Iurreta, Mañaria, Barakaldo, Gasteiz, Barañain, Legorreta, Gabiria, Orio, Zumarraga, Oñati, Zarautz, Bergara, Lesaka, Aramaio, Arantza, Irun, Lasarte-Oria, Erandio, Gernika-Lumo, Hernani, Azkoitia, Ordizia eta Larrabetzu.

Ekimenaren jarraipena Xenpelar Dokumentazio Zentroaren Bertsolaritzaren Datu Basearen eta www.bertsoa.eus webgunearen bidez egin ahal izango da.

Agurainen ospatu zen Bertso Eskolen Eguna iaz.