Inazio Eizmendi Basarriren jaiotza mendeurrena aurkeztu da gaur Zarautzen

2013/03/14
Zarauzko Udalak Inazio Eizmendi Basarri gogoratuko du aurten, haren jaiotzako mendeurrena betetzen denean.

Zarauzko Udaleko Kultura saila, Motxian Bertso eskolarekin elkarlanean, Basarriren mendeurreneko egitaraua prestatzen hasi zen iaz. Udal honek egindako elkarlanerako deiak erantzun paregabea jaso du. Horren adierazle, Foru Aldundia, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea eta Zarautz Abesbatza elkartu dira mendeurren egitaraua aurrrera eramateko. Gaurko prentsaurrekoan izan dira:Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzia; Garazi Lopez de Etxezarreta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria;Andoni Sagarna, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria; Iñaki Murua,   Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari; Jose Mª Arrazola, Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordea; Motxian Bertso Eskolako Iñigo Manzisidor, Mantxi.

Apirilean hasi eta azaroa bitartean burutuko da egitaraua. Besteak beste, hitzaldiak eta bertso saioak egingo dira. Azaroa iristean etorriko dira ekitaldi garrantzitsuenak: Basarriri buruzko erakusketa zabalduko da, Euskaltzaindiak osoko bilkura egingo du Zarautzen, “Basarritik Azken Portura” jaialdia egingo da Aritzbatalde kiroldegian eta “Arantzazu” poema sinfonikoa eskainiko digu Zarautz Abesbatzak.

Basarri: bertsolari, idazle eta kazetari

Iñaki Eizmendi Manterola, Basarri, Errezilgo Granada baserrian jaio zen, 1913ko azaroaren 27an; baina zazpi urte zituenez gero Zarautzen bizi izan zen, familia osoa herri honetara bildu zen-eta bizitzera, Azken Portu tabernan. Hil ere Zarautzen hil zen, 1999ko azaroaren 3an, laurogeitasei urte betetzear zegoela.

Basarri ez zen izan bertsolari bakarrik. Idazle eta kazetari izan zen ofizioz, Euskal Herriko egunkarietan inork aipatu gabe eta bazterturik zegoen hainbat herri-kirol, herrietako-jai, bertso-jaialdi eta gertakariren berri jaso zuen. Baina, beste guztien gainetik, bat-bateko bertsolaria zen Basarri eta bertsolari haundia, gainera.

Uztapide eta Enbeitarekin batera, bertsolaritzaren lekukorik garrantzitsuena izan zen Espainiako Gerra Zibilaren ondoko urteetan. Urte haietan bertso idatzien beherakada nabarmena zenean, horietako asko idatzi eta argitaratu zuen garaiko aldizkarietan.

Aldizkarietan argitaratutako bertsoekin hiru bertso-bilduma kaleratu zituen: Basarri'ren bertso-sorta (1950), Kantari nator (1960) eta Laugarren Txinpartak (1966). Bestalde, bertsoz moldaturiko Atano III, bere bizitza bertsotan biografia ere egin zuen (1949). Euskal Herriko Bertsolari-txapelketa Nagusia bitan irabazi zuen (1935, 1960).