Ikasturte berriari ekin diote Bertsoa.com eta Hitzetik Hortzerak

2014/09/25
Hitzetik Hortzera telebista saioak irailaren 28an abiatuko du ikasturte berria. Iragan denboraldiko ordutegian eskainiko da: igande bazkalondoan, 15:00etan, eta astelehen gauean, 23:15ean. 26 saio izango dira, Aste Santura bitartean eskainiko direnak. Bertsoa.com internet bidezko hedabideak ere hartu du ikasturte berriko grabazio martxa. Informazioa egunero berritzen da eta hiru saiotako bertsoaldiak eskainiko ditu astero-astero. Ohiko edukiez gain, hurrengo hilabeteotan atari berezia izango dute Xilabak eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketak.

Hitzetik Hortzera telebista saioak irailaren 28an abiatuko du ikasturte berria. Iragan denboraldiko ordutegian eskainiko da: igande bazkalondoan, 15:00etan, eta astelehen gauean, 23:15ean. 26 saio izango dira, Aste Santura bitartean eskainiko direnak.

 Astero bi saio grabatuko ditu eta bertsogintzan jarriko du begia. Horretarako bertsolarien analisiak baliatuko ditu. Ainara Lasaren off-ahotsa izango da saioko lokarri. Denboraldi berrian saio monografiko gehiago eskainiko ditu telebista saio beteranoak.

 www.bertsoa.com internet bidezko hedabideak ere hartu du ikasturte berriko grabazio martxa. Informazioa egunero berritzen da eta hiru saiotako bertsoaldiak eskainiko ditu astero-astero. Ohiko edukiez gain, hurrengo hilabeteotan atari berezia izango dute Xilabak eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketak.

Erredakzio bateratua abian da

Urtetan aztergai izan ondoren irailetik aurrera abian da hedapen erredakzio bateratua. Orain arte edukiak eta bertso grabazioak koordinatzen zituzten Hitzetik Hortzera eta www.bertsoa.com erredakzioko kideek. Hemendik aurrera erredakzio bakarrean arituko dira laneanFelix Irazustabarrena,Eneritz Urkola, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi.

Hedapen proiektu bakoitzak bere bidea egin du. Elkarlanean kudeatzen ditu biak Bertsozale Elkarteak: Hitzetik Hortzera EITBrekin eta www.bertsoa.com, berriz, Librean kooperatiba elkartearekin egiten dugu elkarlanean.

Hemendik aurrera lan-taldeak uztartu eta Bertsozale Elkarteko sustapen sailak koordinatu eta gainbegiratuko ditu bi proiektuok. Sinergiak aprobetxatu eta www.bertsoa.com egitasmoaren finantziazioa bideratzea izan dira bateratzea azkartzeko arrazoi nagusiak.

Nolanahi ere, edukiak koordinatzeaz gain Hitzetik Hortzera eta www.bertsoa.com proiektuen bereizgarriak indartzen saiatzen ari da erredakzioa, bateratzeak berdintzeko arriskua ere baduelako: “Bi hedapen instrumentuek bertso eduki ezberdinak eskainiko dituzte. Horrez gain komunikatzeko modua ere ez da berbera izango” adierazi digu Eneritz Urkolak, erredakzio bateratuaren koordinatzaileak.

    

Hitzetik Hortzera eta Bertsoa.com-eko lantaldea