Hirugarren aldiz, "bertsotruk" ariko dira bertso eskolak

2017/10/03
Bertsotruk, bertso eskolen arteko desafioak abian dira ikasturte honetan ere. Seguran ospatutako Bertso Eskolen Eguna baliatu zuten parte hartzaileek, egitasmoaren hirugarren edizioa aurkezteko.

Bertso Eskolen Eguna tarteko, bertso eskolek abagune ederra izan zuten larunbatean, Seguran, denak bildu eta Bertsotruk egitasmoa aurkezteko. 21 taldek eman dute izena eta horiekin zortzi multzo egin dira. Multzo horietako bertso eskoletako bakoitzak bere taldeko bertso eskola hartuko du etxean eta elkarrekin zehaztuko dute saioaren hitzordua eta formatua.

Hauek dira parte hartuko duten bertso eskolak:

  • Markina-Xemein eta Leitza/Lekunberri
  • Erniarraitz eta Sakana
  • Oñati eta Enkarterriak
  • Bortziriak, Durangaldea eta Lasarte-Oria
  • Barañain, Iruñea, Elorri eta Zarautz
  • Aramaio, Gernika-Lumo eta Irun
  • Gasteiz, Harituz eta Debagoiena
  • Mungia/Larrabetzu, Aitziaren gorraizia eta Mutriku

Udaberrira bitarte jokatuko dira saiook.

Helduen bertso eskolen arteko harremanak sustatu asmoz antolatu zuen Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak Bertsotruk egitasmoa, 2015ean lehen aldiz. Emaitzarekin gustura, eta bertso eskolen arteko harremana sendotzeko bidean aurrera eginez, hirugarren edizioa aurkeztu dute aurten.

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren BDB atariaren bitartez eta Bertsoa sareko plazaren bidez emango dute bertso eskolek agendaren eta saioen informazioaren berri. 

 

 

 

Bertsotrukeko taldeetako ordezkariak. / XDZ