Hezkuntza, kantagintza eta bertsolaritza, Bertsoa Unibertsitatean eskolako osagai nagusiak

2015/04/24
Uztailaren 6tik 10era burutuko dira zikloa osatzen duten bi ikastaroak.

Mintzola Fundazioaren egoitzan bildu dira gaur goizean Mintzola Fundazioko, EHUko Uda Ikastaroetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Bertsoa Unibertsitatean eskola aurkezteko. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eta Mintzola Fundazioko patronatu kideak, Beñat Gaztelumendi Mintzola Fundazioko patronatu kideak eta Carmen Agoués EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak eman dute egitasmoaren berri.

Hainbat ikerlari ari dira bertsolaritza eta ahozkotasuna ikuspegi ezberdinetatik aztertzen eta Zigor Etxeburuak ongi azaldu duen moduan ziklo honetan horietako hainbat gai landuko dira: “ziklo eta jardunaldion helburua gai horien transmisioa egiteaz gain, etorkizuneko ikerketak abiatzeko hari muturrak ematea da, hazia ereitea”. Hori bat dator EHUko Uda Ikastaroen helburuekin: “gure apustuetako bat euskarazko eskaintza indartzea da, eta honelako jardunaldiak eskaini ahal izatea aukera paregabea da”, erantsi du Carmen Agoués, EHUko Uda Ikastaroetako zuzendariak.

Bi ikastarok osatuko dute aurtengo eskola. Lehenak, “Bertsolaritza eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan” ikastaroak, kantagintzan jarriko du batez ere arreta izenburuan aipatzen diren ahozkotasuna eta hezkuntza aintza hartuz. “Interesa duen edonori zuzenduta dago, bereziki transmisioan eta hezkuntzan lan egiten dutenei”, azaldu du Beñat Gaztelumendik. Bigarrenak, “Bertsolaritzaren bidegurutzeak” izenekoak, hiru talaia ezberdinetatik begiratuko die bertsolaritzaren erronkei: ideologiaren esparrutik, transmisiotik eta ikerkuntzatik. “Bigarren ikastaroa bertsolaritzari lotuagoa dago, perfila gehiago da zaleei edo bertsolaritzaren munduan dabiltzanei begirakoa, baina baita bertsolaritzatik abiatuta euskal kulturgintzaz pentsatu nahi dutenei begirakoa ere”.

Ikastaroetan ahozkotasunean eta hezkuntzan aditu diren hainbat kidek hartuko dute parte: Marie Hirigoien kantariak, Andoni Egaña bertsolariak eta Jon Sarasua bertsolari eta euskal kulturgintza adituak, besteak beste. Lehen ikastaroaren amaieran, performance bat ere izango da, Ainhoa Ansa kantariaren eta Uxue Alberdi eta Igor Elortza bertsolarien eskutik.

Bertsoa Unibertsitatean eskola uztailaren 6tik 10era burutuko da Donostiako Miramar jauregian. Maiatzaren 4tik aurrera izango da matrikulatzeko aukera; ekainetik aurrera %20 gehiago ordaindu beharko da matrikula.

Bost urtetarako elkarlana adostua dute Mintzola Fundazioak eta EHUko Uda ikastaroetako zuzendaritzak Bertsoa Unibertsitatean eskola antolatzeko; aurtengoa antolatzen den bigarren aldia da. Iaz 115 matrikula izan ziren, eta soslai ezberdinetako jendea bildu zuen; hasi hezkuntzako profesionaletatik eta sormena interesgune zutenen arte.

Informazio gehiago, www.mintzola.com atarian.

Mintzola Fundazioaren egoitzan izan da aurkezpena, Amasa-Villabonan