Gontzal Mendibilen ahotsak goxatuko du igandeko Hitzetik Hortzera

2017/01/19
Bertsolaritza gertutik ezagutzen du Gontzal Mendibilek: bertso eskolako ikasle da gaur egun eta, orain dela zenbait urte, Iparragirreri buruzko ikuskizun batean parte hartu zuen. Ikuskizunaren zatitxo bat eskainiko dugu programan. Aste honetan Zeanuri, Amurrio eta Oiartzungo bertsoaldi onenak eskainiko ditugu.

Elkarrekin harreman estua dute bertsoak eta musikak. Kantari asko aritzen dira bertsolarien hitzei doinua jartzen, eta bertsolari askok erabili izan dituzte aurrez kantariek osatutako doinuak. Gontzal Mendibilek ere gertutik ezagutzen du bertsolaritza: bere garaian bertsolarien hitzei musika jartzen aritu ondoren, bertso eskolako ikaslea da gaur egun. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Hitzez eta kantuz goxatuko du igandeko saioa.

Aspaldikoa da Gontzal Mendibilen eta bertsolaritzaren arteko harremana. Orain dela urte batzuk Jose Mari Iparragirre bertsolari eta kantari urretxuarrari buruzko ikuskizun erraldoi bat osatu zuen. Ikuskizunaren zatitxo bat eskainiko dugu igande honetako Hitzetik Hortzeran.

Gorbearen magaleko bertsoak

Zeanurin elkarrizketatu genuen Gontzal Mendibil, eta berarekin joan ginen hilaren 15ean pilotalekuan egin zen bertso jaialdira. Eñaut Intxaurraga aurkezle zela, seikote ederra jardun zen bertsotan: Jon Maia, Unai Iturriaga, Etxahun Lekue, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Igor Elortza. Saioko bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko programan.

Baina ez ditugu Zeanuriko bertsoak soilik eskainiko, beste bi saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango baitugu. Amurrioko saiotik Alaia Martinek eta Amets Arzallusek osatutako ariketa ekarriko dugu: kaiola zabaldu berritik kantatuko du Amets Arzallusek.

Oiartzunen, berriz, Etxerat elkarteak antolatuta urteroko bertso jaialdia egin zen urtarrilaren 8an. Julio Soto, Jone Uria, Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Igor Elortza, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Andoni Egaña aritu ziren kantuan Unai Elizasu gai-jartzaile zutela. Elorsoro kiroldegia bete egin zen berriz ere. Saio horretako bertsoaldi onenak ere eskainiko ditugu igandean.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Gontzal Mendibil izango da aste honetan Hitzetik Hortzeran