Gipuzkoako bertso-eskolen eguna ospatuko da igandean Pasai Donibanen

2013/04/24
Gipuzkoako Bertsozale elkarteak azken urteetan egin duen moduan, Gipuzkoako bertso-eskolen eguna antolatu du Pasai Donibanen, datorren apirilaren 28an. Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea da bilkura honen helburu nagusia. Itsasoa izango du gai nagusi aurtengo bilkurak eta goizetik arratsalderaino egitarau oparoa dago antolatuta.

Pasaiako Udalarekin eta bertako bertso-eskolarekin elkarlanean antolatu da eguna. Aurreko urteetan Bertso Eskolen Egunaren trenak geldialdia egina du jadanik Villabonan (Tolosaldea), Oiartzunen (Oarsoaldea), Oñatin (Debagoiena), Usurbilen (Buruntzaldea), Azkoitian (Urola-Kosta), Eibarren (Debarrena), Legazpin (Goierri) eta Zumaian. Aurten Pasai Donibanenen izango da Bertso Eskolen Eguna.

Egitaraua

· 10:30ean: haurrak iritsiko dira Pasai San Pedrora eta txalupan pasako dira Donibanera. Bertan egingo da kamiseten banaketa.

· 10:45ean taldeko argazkia atera eta zanpantzarrekin batera herriko kaleetan zehar ibilaldia egingo da

· 11:00tan: Goizeko saioa hasiko da. Lur Korta ipuin kontalariak Itsasoari buruzko ipuinak kontatuko dizkie haurrei eta bertsolari gazteek (Paul Beitia, Beñat Azaldegi eta Jon Gurrutxagak) bertso musikatuak kantatuko dituzte. Gipuzkoako bertso-eskoletan osatutako bertsoei ahotsa eta musika jarriko diete.

· 13:00ean: Bazkaria

· 14:00tan: Piraten ginkana izango da. Haurrek mapa bati jarraituz proba ezberdinak egin beharko dituzte jolas honetan.

· 17:00tan: Etxera itzuli.

Kamisetak

Arrosaz tindatuko da Pasai Donibane, hori izan da kamisetentzat hautatutako kolorea.

Festa giro honekin batera, urtero kamiseta desberdin bat diseinatzen da. Juanba Berasategik diseinatu du aurtengoa. Bide luzea egin duen ilustratzaile sanjuandar honek karramarroa hautatu du egunaren sinbolo moduan. Karramarroak atzeraka ibiltzen direnez, eta bertsoaren sortze prozesua ere atzekoz aurrerakoa denez, egokia da sinboloa oso.

Aurtengo aldaketa nagusiak

Aurten, lehenengo aldiz, bi bertso-eskola egun antolatu dira. Lehena, 14 urtetik gorakoentzat eta bestea gazteagoentzat. Orain artean, denentzat egun bakar bat antolatzen zen, baina haurrentzat antolatutakoa ez zen beti ondo doitzen gaztetxoen beharretara. Horregatik, hain haurrak ez zirenentzat eskaintza berezitua prestatu zen eta 14 urtetik gorakoak Segurako aterpetxean elkartu ziren asteburu pasa, otsailaren 16 eta 17an.

Gipuzkoako bertso-eskolak

Eskola orduz kanpo bertso-eskoletan diharduten neska-mutilak gonbidatu ditugu bertara, bi helburu nagusirekin: Bata, mugimendu baten parte sentitu daitezen, eta ez soilik euren herriko bertso-eskolako parte, eta bestetik, herri desberdinetako lagunekin harremanak garatu ditzaten. Helburu berarekin, antolatzen dira udalekuak Euskal Herriko bertsozale Elkartearen eskutik eta hainbat topaketa txiki bertso-eskola desberdinen artean, bai eta bestelako hainbat ekintza ere, transmisio sailaren helburu estrategikoan oinarrituta.

Olagarroa irudikatuz argazkia atera zuten Iaz Zumaian ospatu zen Gipuzkoako bertso-eskolen egunean