Gazeta eta Azkarateko bertso afariak “Hitzetik Hortzera”-n

2013/05/15
Mikel Irizarrek erakutsi dio Elorrioko Gazeta auzoa Jon Artanori, eta elkarrekin joan dira afaritara.

Iaz, Andoni Egaña lagun hartuta izan zen Gazetako kofradian Sebastian Lizaso. Aurten, Amets Arzallusekin itzuli da. Aurreneko aldia zuen bertan Ametsek, eta jakin beharrekoez leziatu du Azpeitikoak. Gisa bereko lanean aritu da Mikel Irizar Jon Artanorekin. Izan ere, bertso-afariaren aitzakian, Topaguneko eta Tokikomeko presidenteari bisita egin dio Artanok. 90eko hamarkadan ‘gazetartu’ ziren Irizar eta Fatima Arantzabal. Urte haietan, Esteñibar baserria erosi —XVI. mendeko jauretxea— eta berritu egin zuen bikoteak. Orduz geroztik, bertan bizi dira, patxadaz gozatuz eta etxe inguruan aldatu zituzten mahastiak zainduz, txakolina egiten baitute Esteñibarren, eta Artanori ofizioa irakasten ere aritu da Irizar.

Alberdi eta Maia Azkaraten

Azkaraten, urtean pare bat bertso-afari egiten dituzte. Udaberrikoa egin dute asteburuan,  Uxue Alberdi eta Jon Maia gonbidatuta. Zita seinalatuak dira Balerdi Elkartekoak, bertsotarako afizio handia dago eta Maillopeko herrixkan. 101 lagun erroldatutako herrian, 80 inguru bildu ziren afaritara. Gauerdia ondo pasea hasi ziren kantuan bertsolariak, eta ez ziren bakarrik aritu kantuan, Amezketako Jexux Goitia Eguarre-k ere jardun baitzuen haiekin tarte batean. Festa gozagarria jarri zuten denen artean.

Ostiralean 21:00etan etb1en. Eta eitb nahieranen.

Jon Artano eta Mikel Irizar Gazeta auzoan