Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta LABORAL Kutxak lau urtetarako hitzarmena sinatu dugu

2015/05/27
Bertsolaritza zaindu, sustatu eta etorkizuna bermatzeko elkarlana adostu dugu bi erakundeok. Hartutako konpromisoen artean euskara sustatzea dugu helburu nagusi.

Iñaki Murua Jauregik eta Xabier Egibar Gainzak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur Arrasaten LABORAL Kutxaren egoitza nagusian. Akordio honi esker LABORAL Kutxak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektu orokorra garatzen lagunduko du.

Bertsozale Elkartearen proiektu kulturalak bertsolaritzaren zaintza eta etorkizuna bermatzeaz gain, gizartearentzat onuragarriak diren hainbat alorretan eragiten du: pertsonen garapenean, euskararen normalizazioan eta bertako ondarearen zaintzan, besteak beste. 

LABORAL Kutxak gizartearekin dituen konpromisoen artean, kultura eta euskararen zaintza eta sustapena ditu helburu nagusi.

Helburuetan bat eginda, bi erakundeok lau urterako elkarlana hitzartu dugu.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektua

Bertsolaritza zaindu, sustatu, ikertu eta bere etorkizuna ziurtatzeko helburuarekin sortutako irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Helburuok erdiesteko sei elkarte ari gara lanean proiektu bateratuan (Arabako Bertsozale Elkartea, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Bertsularien Lagunak Elkartea eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartea), 2.365 bazkideren babesarekin.

Hiru eremu nagusitan egiten du lan Elkarteak: transmisioan, sustapenean eta ikerkuntzan.

Belaunaldien transmisioa eragiteko hainbat proiektu ditugu esku artean: hezkuntza arautuan, urtero, 20.000tik gora gaztetxori bertsolaritza irakasten zaie klase orduetan. Aisialdiko eskaintza gisa bertso-udalekuak, barnetegiak eta abar antolatzen ditugu; baita eskolarteko txapelketak eta bertso-eskolen egunak ere. Horrez gain, bertsolaritza irakasteko argitalpenak sortzeaz arduratzen gara eta bertso-eskolei dituzten beharrizanak errazteaz (formazio ikastaroak, material didaktikoa…).

Bertsolaritzaren sustapenean eragiteko Hitzetik Hortzera telebista saioa, Bertsoa sareko plaza, txapelketak, eta hainbat sariketa antolatzen ditu Elkarteak.

Ikerketari esker bertsolaritza garai berrietara egokitzen asmatu da. Bertsolaritzaren ikerketa Mintzola Fundazioaren bitartez garatzen du Bertsozale Elkarteak. Hainbat ikerlari gerturatzen dira Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentro dinamikora bertsolaritzari buruzko ondarearen berri jasotzera eta ikuspegi ezberdinetatik egin nahi diren ikerketetarako oinarrizko informazioa eskuratzera. Ikerlariei ondarea eskuragarri jartzeaz gain aholkularitza eskaintzen diegu. Ikerketa lan horien emaitzak zabaltzeko ikastaroak, jardunaldiak eta argitalpenak ekoiztea da Mintzola Fundazioaren egitekoa. Unibertsitateekin elkarlanean burutzen dira ikerketa lanak. Euskararen lurraldean ez ezik, mundu mailan ahozko inprobisazio kantatuari dagokionez dauden beste adierazpideekin antolatutako jardunaldietan parte hartzen dugu, zubiak eraikiz. Ez kanpokoekin bakarrik, euskararen lurraldean bertan gertatzen diren beste ahozko kultur adierazpideekin elkarlana bultzatzea da Mintzola Fundazioaren beste egiteko bat.

Aipatutako egitasmoa etengabe eragiten jarraitu ahal izateko lankidetzak ezinbestekoak dira Bertsozale Elkartearentzat. Elkarlanean oinarrituz egin dugu 27 urteko ibilbidea. Zentzu horretan, LABORAL Kutxarekin adostutako elkarlanak bultzada handia eskainiko dio bertsolaritzari eta euskarari.

LABORAL Kutxa, kultura eta euskararen zaintza

LABORAL Kutxa sortu zenekoa da euskal kulturaren eta euskararen garapenaren aldeko lana eta konpromisoa, entitatearen Estatutu Sozialetan ere jasotzen den moduan. Beraz, bere Nortasun Agirian dauka euskararekiko apustua atxikia.

Izateko modu horri erantzunez, hamaika proiektu, egitasmo eta ekimen bideratzen lagundu ohi du Euskal Herrian barrena, hainbat eta hainbat talde eragile, elkarte, entitate eta erakunderekin batera jardunez. Elkarlanaren, kooperatibismoaren haritik, mota bateko edo besteko laguntza eskainiz (materiala utziz, aholkularitza emanez, diruz babestuz, langileak jarriz…), makina bat amets egin bihurtu ditu LABORAL Kutxak euskalgintzan diharduen unibertso zabalean.

Eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartea aipatuta, gogora ekarri beharra dago lehenago ere, duela 10 urte inguru, “Luberri” izeneko ekimena bideratu zutela elkarrekin elkarteak berak eta LABORAL Kutxak. Horrela, garai bateko bertsozaletasuna galdua zegoen herrietan bertsotarako zaletasuna berreskuratzen jardun genuen, bertsolari gazteak eta aski ezagunak zirenak hainbat bertso-saio partekatuz. Orduan, herrietako jendea arduratu zen ekitaldia antolatzeaz, eta Bertsozale Elkarteak behar ziren koordinazio-lanak egin zituen, herrigintzaren sustraietara joz.

Eta 10 urteren bueltan berriz ere Bertsozale Elkartearekin elkarlanean aritzeak, poztasun handia dakarkie LABORAL Kutxa osatzen duten guztiei, euskararen normalizazioan eta bertako ondarearen zaintzan aurrerapauso esanguratsua den neurrian.

Bertsozale Elkarteko eta Laboral Kutxako ordezkariak