Erniarraitz sariketaren finalari begira jarriko da Bertsoa

2016/02/29
Eneritz Artetxerekin ariko da sareko plaza sariketaren inguruan. Gainera, Bardoak, Kuadrilla artekoa, BBK sariketa eta beste hainbat egitasmoren jarraipena ere egingo du Bertsoak aste guztian zehar.

Bertsolaritzaren egutegia borborka dago egunotan, eta horren isla da Bertsoaren aste honetako eskaintza.

Erniarraitz sariketaren finala jokatuko da ostiralean eta aurrez Eneritz Artetxerekin izango da sareko plaza, sariketaren inguruan solasean. BBK sariketaren finala ere hurbil da, eta asteartean kanporaketak amaituta asteazkenean gauzatuko da lehen finalaurrekoa; bi saio horien ingurukoak jasoko ditu Bertsoak.

Bardoak eta Kuadrilla artekoa ere bere bidearen hondarrean dira. Pasa den asteburuan eta datorrenean izango diren saioen berri eskainiko du sareko plazak astelehen eta ostegunean. Era berean, Gipuzkoako Eskolartekoari jarraipena egingo zaio eta Zortzi Puntutan egitasmoaren hurrengo saioaren ingurukoak ere aurreratuko ditu.

Asteburuaren atarian, Hitzetik Hortzerak zein haritik tirako duen ezagutaraziko du Bertsoak, eta ostegunean, bertsolari gazteen plazaratzeaz ariko den erreportajea eskainiko du.

Bertsoak ere izango dira entzungai: astelehenean, Alegiko saioko bertsoaldiak berreskuratuko dira, asteartean Andoainen botatakoak eta asteazkenean Bardoak txapelketaren baitan Leitzan botatakoak. Ostiralean, atzera begirakoa egin eta, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz, duela zenbait urte Erniarraitz sariketan entzundako bertsoaldia berreskuratuko da.

Jarraitu bertsolaritza www.bertsoa.eus-en!

Hamaika kontu dakartza aste honetan Bertsoak