Emozioak eta umorea, Ahoa Bete Hots jardunaldietan

2015/06/03
Uztailaren 1etik 3ra bitarte burutuko dira. Ekainaren 4an ekingo zaio izen-emateari.

Umorea omen da bertsozaleek bertsolariengan gehien estimatzen duten ezaugarria eta antzerkian, kantuan zein ipuin kontakizuneran ere ezinbesteko osagaia da. Baina poza bakarrik ez, haserrea, tristura eta beldurra ere presente daude ahozko sorkuntzan. Hori horrela, emozioak eta umorea izango dituzte gai nagusi aurtengo Ahoa Bete Hots jardunaldiek.

Seigarren aldiz antolatu ditu Mintzola Fundazioak Ahoa Bete Hots jardunaldiak, eta horiek aurkezteko lanetan aritu dira gaur goizean Amasa-Villabonako Subijana etxean Nora Urbizu, Amasa-Villabonako Euskara eta Kultura zinegotzia eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; Beñat Gaztelumendi, Mintzola Fundazioko Ikerkuntza arduraduna; eta Eñaut Gantxegi EHAZEko kidea.

2010. urtean burutu ziren lehen aldiz jardunaldi hauek: “ahozko kultur sorkuntzan ari diren diziplina ezberdinetako aritu eta adituak gonbidatu ohi ditugu partekatzen dituzten gai eta kezkez aritzeko”, azaldu du Urbizuk.

Honenbestez, urtez urte jardunaldiotan jorratu diren gaiak denetarikoak izan dira eta aurten ere ahozko generoarekin gozatzen duen edoizenentzat zabalik dira ateak. Uztailaren 1etik 3ra bitarte izango dira jardunaldiak Gaztelumendik azaldu duen moduan eta egitaraua jada ikusgai da Mintzolaren webgunean. Ekainaren 4an ekingo zaio izen-emateari eta 22ra arte egongo da zabalik.

Aurkezpena biribiltzeko Eñaut Gantxegi EHAZEko kide eta antzezleak performance bat eskaini du, emozioen aniztasuna erakutsiz.

Informazio guztia Mintzolaren webgunean ikusgai.

Beñat Gaztelumendi, Nora Urbizu eta Eñaut Gantxegi