Bizkaia

Durangaldea eta Ipar Uribe neurtuko dira bihar bertsolari gazteen XXI. BBK sariketako finalean

2013/03/21
Bertsolari gazteen XXI. BBK sariketearen finala bihar ostirala, martxoaren 22a, egingo da eta Durangaldeko eta Ipar Uribeko taldeak aurrez-aurre izango ditu, biek gainditu baitituzte sailkatze frogak eta finalaurrekoak. Finala iluntzeko 19.00etan egingo da Bilboko Kafe Antzokian eta sarrera erabat doan izango da.

Epaimahaiari dagokionez, Arkaitz Estiballesek, gaur egun Bizkaiko bertsolarien txapeldunak, Juanjo Respaldizak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunak, eta Gorka Intxaurbek, filologian eta bertsolaritzan adituak, osatuko dute. Gai jartzaile Bernardo Mandaluniz arituko da.

Bi talde finalistak, ohikoa denez, bi adin-mailatan zatituko dira eta honako bertsolari gazteok osatuko dituzte: Durangaldekoa Garoa Angiozarrek, Iruri Altzerrekak, Txaber Altubek, Aitor Bizkarrak, Ander Gerrikaetxebarriak eta Ane Alegriak. Ipar Uribekoan, berriz, Unai Mendiburu, Aitzol Muruaga, Paule Loizaga, Inazio Vidal, Peru Vidal eta Imanol Uria lehiatuko dira.

Bi talde finalisten artean 2.000 eurotik gora banatuko dira saritan, eta txapeldunak 1.260 eurotako lehen saria jasoko du. Bigarren sarituak 900 euro jasoko ditu eta 140 euroko saria izango du bizkaiera egokiena erabiltzen duen bertsolari gazteak.

BBK-k, Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen du lehiaketa hau. Lehen sailkatze probak ezin izan zituzten gainditu Busturialdeak, Enkarterrik eta Lea Artibaik. Finalaurrekoak, berriz, Durango eta Algortako institutuetan egin ziren, ehunka ikusle gazte zaratatsuren aurrean. Arratia eta Bilboaldea finalaren atarian gelditu ziren.

Bertsolarien harrobi ona

Zazpi talde ezberdinetan, Bizkaiko beste hainbeste eskualdetako 45 bertsolari gaztek esku-hartu dute BBK sariketearen XXI. edizioan. Azpimarratzekoa izan da  hamalau bertsolari lehen aldiz igo dira oholtzara era honetako lehiaketa batean aritzeko. Datu honek erakusten du harrobi indartsua izan badela Bizkaiko bertsolari gazteen artean.

Izan ere, finalera iritsi diren bi eskualdeek, Durangaldeak eta Ipar Uribek, bertsolaritzan ibilbide oparoa egin dute dagoeneko, hein handi batean beren bertso-eskolek emandako bultzada garrantzitsuari esker. Eskola hauetan hazi eta hezitakoak dira, besteak beste, Igor Elortza, Unai Iturriaga edo Miren Amuriza bertsolariak, Durangaldeari dagokionez. Algortako bertso eskolan, aldiz, Fredy eta Xabi Paya, Jone Uria edota Arrate Illaro dira ezagunenetakoak.

Hain zuzen, Durangaldea eta Ipar Uribe dira lehiaketa honen finalera urte gehienetan iritsi diren taldeetako bi. Durangaldeak hiru alditan irabazi du BBK txapela eta sei bider Ipar Uribek, Lea Artibaiko taldeak adina.

AURREKO URTEETAKO IRABAZLEEN ZERRENDA

Urtea

Irabazlea

Bigarrena

Bizkaiera egokiena

Finalistarik gazteena

1993

LEA ARTIBAI

DURANGALDEA

Haritz Lopategi

Joseba Goienola

1994

BUSTURIALDEA

DURANGALDEA

Haritz Lopategi

Onintza Enbeita

1995

BUSTURIALDEA

DURANGALDEA

Asier Legarreta

Anartz Aranguena

1996

LEA ARTIBAI

BUSTURIALDEA

Xabier Enbeita

Gorka Ostolaza

1997

LEA ARTIBAI

BILBOALDEA

Urtzi Urrrutikoetxea

Xabier Paya

1998

LEA ARTIBAI

BILBOALDEA

Ibon Ajuriagoieskoa

Xabier Paya

1999

IPAR URIBE

BILBOALDEA

Ander Ibarra

Oihana Bartra

2000

BUSTURIALDEA

LEA ARTIBAI

Eñaut Intxaurraga

Amaia Jauregizar

2001

LEA ARTIBAI

IPAR URIBE

Jon Rementeria

Miren Ibarluzea

2002

IPAR URIBE

BUSTURIALDEA

Iñaki Iturriotz

Ander Elortegi

2003

ARRATIA

BUSTURIALDEA

Miren Amuriza

Jurek Zienkiewic

2004

IPAR URIBE

ARRATIA

Oihana Bartra

Jurek Zienkiewic

2005

DURANGALDEA

ARRATIA

Oihana Bartra

Miren Amuriza

2006

DURANGALDEA

IPAR URIBE

Miren Amuriza

Jone Uria

2007

IPAR URIBE

BUSTURIALDEA

Eñaut Uruburu

Imanol Uria

2008

BILBOALDEA

IPAR URIBE

Amaia Uribe

Imanol Uria

2009

IPAR URIBE

LEA ARTIBAI

Xabier Iturraspe

Josune Aramendi

2010

LEA ARTIBAI

IPAR URIBE

Aitor Arrutia

Josune Aramendi

2011

IPAR URIBE

LEA ARTIBAI

Illart Gumuzio

Aissa Intxausti

2012

DURANGALDEA

LEA ARTIBAI

Naroa Loiola

Txaber Altube